Hugo Chavez -
Azken agurra
Venezuelak Chavezen estatu hileta egingo du ostiral honetan
Latinoamerikako agintari gehienak bertan egongo dira. Martin Garitano ere Caracasen izango da.
Erredakzioa
Chavezen gorpua Akademia Militarrean egongo da, eta ostiral honetan egingo dute estatu hileta. Aurreikuspenen arabera, Latinoamerikako agintari gehienak bertan egongo dira; Asturiasko printzea izango da Espainiaren ordezkari nagusia.
Halaber, Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak Caracaserako bidaiari ekin dio, ekitaldi horretan egoteko. ''Anaia eta lagun'' hitzekin definitu du Irango presidenteak Chavez.
Herritarrek azken agurra eman diote Chavezi
Ilara luzeak sortu dira ostegun honetan Caracasen, Akademia Militarraren inguruetan, Hugo Chavez presidentearen hil-kaperara sartzeko. Milaka herritar zain izan dira, gau osoan zehar etenik izan ez duen ilara luze batean.
Etengabeak izan dira hil berri den Venezuelako presidentearen aldeko oihuak kalean, eta baita hilotza dagoen tokira iristean ere. Chavezen hilkutxa irekita dago, baina ezin da argazkirik atera, eta, askok eskua bihotzean dutela edo ukabila goratuta esan diote agur Chavezi, negar batean.
Hugo Chavez Venezuelako presidentea asteartean hil zen, duela 20 hilabete detektatu zioten minbiziak jota. "Gaur, martxoaren 5ean, 16:25ean, Hugo Chavez komandantea hil egin da", esan zuen Nicolas Madurok horren berri emateko.
Martin Garitano ere izango da Hugo Chavezen omenaldian
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Hugo Chavez Venezuelako presidenteari Caracasen ostiral honetan egingo dioten omenaldian izango da. Sortuko ordezkaritza baten partaide gisa joango da Garitano Venezuelara, eta ez Gipuzkoako ahaldun nagusi gisa.
Sorturen ordezkaritzaren baitan joango da, alderdi horrek agiri baten bidez jakitera eman duenez. Asier Altuna izango da berarekin, Sortuk Ameriketan daukan nazioarteko harremanetarako arduraduna baita.
Alderdi independentistak Hugo Chavezen irudia goraipatu nahi du haren omenaldian parte hartuta. "Latinoamerikaren integrazioa lortzeko eta XXI. mendeko sozialismoa eraikitzeko borrokalari nekaezina izan zen".
"Gizarte justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko lan eskerga egin zuen, bai Venezuelan baita nazioartean ere", erantsi du Sortuk.
Chavezen heriotza dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Venezuelako bandera jarri du jauregiko balkoietako batean, haga erdian. Ikurrina ere haga erdian dago.