Mundua -
Sarraskia
100dik gora pertsona hil dituzte Pakistanen, hainbat atentatutan
Erasoak Quetta eta Mongura herrietan (herrialdeko ipar-mendebaldea) jazo dira.
Gutxienez 115 pertsona hil dituzte eta 251 zauritu ostegun honetan, Quetta eta Mingura herrietan (Pakistango ipar-mendebaldea) jazotako lau atentatutan, herrialde horretako agintariek jakinarazi dutenez.
Azken bi atentatuak atzo arratsaldean gertatu ziren, Quettan, 10 minutuko aldearekin. Horietan, 81 pertsona hil ziren, eta 121 zauritu.
Hildakoen kopuruak, baina, gora egin lezake oraindik, hainbat pertsona oso larri baitaude.
Lehen eztanda billar klub batean izan zen. Antza denez, atentatu suizida izan da. Bigarren leherketa handik gutxira gertatu zen, handik gertu, erreskate taldeak eta segurtasun indarrak biktimak ebakuatzen ari zirenean.
Bi atentatu horiek auzo txiita batean jazo dira, eta Lashkar-e-Jhangvi taldeak hartu ditu bere gain. Talde sunia da, eta xiiten aurka egin ohi ditu erasoak.
Eraso horiek aurretik, ordu batzuk lehenago, 12 pertsona hil zituzten, eta 60 zauritu, herri horretako azoka baten aurkako atentatuan. Armada Balutxe Batuak aldarrikatu du erasoa (Balutxistan eskualdearen independentzia helburu duen talde bat).
Minguran, gainera, 22 pertsona hil eta 70 zauritu dituzte, buruzagi erlijoso baten aurkako erasoan.