Mundua -

Gas planta bat, bahituta

Aljeriak azken erasoa iragarri du 'ondorengo orduetarako'

Nahasmena da nagusi Aljeriatik iriste diren informazio guztietan. Azken orduetan krisia bukatutzat ematen zuten informazioak ezeztatu ditu Britainia Handiak.

Bahitutako gas planta BP multinazional britainiarrarena da. Efe.
Bahitutako gas planta BP multinazional britainiarrarena da. Efe.
Aljeriako Armadak gas fabrikan zeudenei eraso egin dio

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

 

AljeriakoIslamistek bahitutako gas plantaren kontrako azken erasoa 'ondorengo orduetarako' iragarri du Aljeriako Armadak. Informazioa Tout sur l'Algerie hedabideak eman du, "ondo informatutako iturriak" aipatuta.

Informazio horien arabera, gas plantan terrorista gutxi batzuk daude, eta islamista askok gauaren iluntasuna aprobetxatu dute BP multinazionalaren gas plantatik ihes egiteko.

Bi terrorista bizirik harrapatu dituzte: Wilaya de Adar taldeko aljeriar bat eta maliko beste bat. "Terroristek bahitzaileen inguruko informazioa eman diete segurtasun indarrei", esan dute.

Bahitzaileek 'operazio gehiago' iragarri dituzte

Bahitzaileen talde islamistak gas plantako bahiketa bezalako "operazio gehiago" egingo dituztela iragarri dute. Hori dela eta, Aljeriako herritarrei atzerriko enpresen egoitzetatik urrun egoteko gomendatu diete.

ANI Mauritaniako albiste agentziari egindako dei batean, bahitzaileen bozeramaile batek esan du "Aljeriako herriak pairatzen dituen sufrimenduak ikusita, erregimenari operazio gehiago izango direla zin egiten diogu".

Operazio horiek, gainera, "ezusteko lekuetan" egingo dituztela azpimarratu dute.

Krisiak jarraitzen du

Bahituen krisia ez da amaitu, "indarrean jarraitzen du" Erresuma Batuko Kanpo Ministerioak iragarritakoaren arabera. Asteazkenean talde islamiar batek hainbat azterritar bahitu zituen gas planta batean.

Bahiketaren hasieran britainiar bat hil dela konfirmatu du Cameronen Gobernuak. Gas planta BP multinazional britainiarrarena da eta Aljeriako ekialdean dago, Libiako mugatik gertu.

Nahiz eta Aljeriatik iritsitako zenbait informaziok krisia bukatutzat eman, Foreign Office delakoak komunikatua atera du krisiak "abian jarraitzen duela" esan eta David Cameron lehen ministroak Abdelmalek Sellal Aljeriako presidentearekin ostegunean birritan hitz egin zuela iragartzeko.

Aljeriako Armadako indarrek gas plantako bizilekuari eraso egin ziote ostegunean, terroristek bahitu gehienak harrapatuta zeuden lekuari, hain zuzen.

Operazioan 600 aljeriar, bi eskoziar, keniar bat eta frantziar bat erreskatatu zituzten, eta zehaztu gabe dagoen hildakoen eta zaurituen kopurua eragin zuen, bertsio ofizialaren arabera.

Nahasmena nagusi

Hala, nahasmena nagusi da oraindik egoeraren inguruan, Armadak egindako erasoaren ondoren. François Hollande Frantziako presidenteak adierazi duenez, algeriarrak eta atzerritarrak askatzeko operazioa ''baldintza dramatikoetan'' egin du aurrera.

Gutxienez, bahitutako 34 lagun eta 15 islamista hil dira Aljerian bahitutako gas zentralean, eraikuntza horren kontra Aljeriako Armadak egin duen bonbardaketaren ondoren, Mauritaniako ANI agentziak emandako datuen arabera. Bahitzaileetako bat aipatzen dute informazio horren iturri gisa.

Armadaren erasoa

Manuel Valls Frantziako Barne ministroak aditzera eman duenez, gutxienez Frantziako bi herritar onik atera dira ostegunean Aljeriako Armadak egindako erasotik. Oraindik, hala ere, ez dago argi Angeluko bizilaguna onik atera direnen artean dagoen ala ez.

"Gure informazioaren arabera, bi herritar onik atera dira. Beste biei dagokienez, bi balira, ez dakigu ezer ere. Goizean zehar informazio gehiago izatea espero dugu", esan du Vallsek RTL telebistari egindako adierazpenetan.

Statoil Norvegiako petrolio enpresak, berriz, bere langile baten erreskatea iragarri du bart. Ondorioz, gas plantaren kudeaketa duen enpresako 17 langileetatik 9 salbi leudeke, islamiar taldearen erasoaren ostean.

"Zalantzazko egoera"

"Gainontzeko zortzi langileen egoera zalantzazkoa da", esan du Statoilek komunikatu batean. Erreskatatutako langileari dagokionez, Amenaseko ospitalean dagoela adierazi dute, "tratamendua jasotzen".

Horrez gain, bart erreskatatutako beste hiru langile aljeriar "Amenasetik Argelera" eraman dituztela ere jakinarazi dute.

Japoniako Gobernuak, berriz, hiru japoniar salbu daudela iragarri du. Beste 14 langileen inguruan, hala ere, ez dute informaziorik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea