Mundua -
AEBetan
Bost zauritu izan dira, armak izateko eskubidearen aldeko ekitaldietan
Etxe Zuriak armak izateki eskubidea murrizteko asmoa agertu duenetik, hainbat taldek armen aldeko ekitaldiak antolatu dituzte AEBetan.
Erredakzioa
Bost pertsonak bala zauriak izan dituzte AEBetan armak izateko eskubidearen alde egindako ekitaldietan. Ezbeharrak Indiana, Ohio eta Ipar Karolina estatuetan gertatu dira, Armen Estimuaren Egunean.
Ohion, 62 urteko gizonezko batek besoan tiroa jaso zuen, bere armarekin eginda. Gizona arma saltzailea da eta erosi berri zuen pistolari tiroa ezustean atera zitzaion, Patrick Berarducci Medinako poliziaburuak azaldutakoaren arabera.
Ezbeharra armen azoka batean gertatu zen, zenbait erakustaldi egiten ari ziren bitartean. Berarduccik Los Angeles Times egunkariari azaldu dionez, azokara sartzeko baimena murriztu egin behar izan zuten, bertan bildutako jendetzaren ondorioz.
Bestalde, Indianapolisen (Indiana) gizonezko batek bere burua zauritu zuen 45 mm-ko pistola erdiautomatiko bati karga kentzen ari zitzaiola.
Ipar Karolinan, berriz, beste hiru pertsonak bala zauriak egin zituzten, 12 balako eskopeta baten kargadorea ustekabean hustu zenean.
Larunbatean, hainbat ekitaldi egin zituzten AEBetan, armak izateko eskubidearen alde, Gobernuak eskubide hori murrizteko agertutako asmoaren kontra.