Mundua -
Bortxaketa oldea
Genero indarkeria kasuetarako epaitegi bat ireki dute Indian
Mendebaldeko Bengala estatuan ireki dute lehena, eta datozen hilabeteetan horrelako epaitegi gehiago irekiko dituzte lurralde osoan.
Emakumeen kontrako indarkeriaren kasuak aztertuko dituen auzitegi espezializatu bat ireki dute Mendebaldeko Bengala estatuan, Indian. Taldekako bortxaketak ugariak izan dira azkenaldian Indian, eta horren harira etorri da erabakia.
Arun Mishra Kalkutako Auzitegi Goreneko magistratuak jakinarazi duenez, datozen hilabeteetan horrelako epaitegi gehiago irekiko dituzte lurralde osoan.
Epaitegi espezializatuak sortuta bi helburu lortu nahi dituzte: emakumeen kontrako indarkeria kasuak ezagutaraztea eta epaiak lehenbailehen ematea.
Aipaturiko epaitegi horietan, langile guztiak emakumezkoak izango dira, genero indarkeria pairatu duten emakumeak salaketa jartzerakoan edota epaiketan babestuta senti daitezen. "Biktimak ez dira hitz egiteko gai izaten inguruan gizonezkoak daudenean, eta are gutxiago gertaturikoari buruzko xehetasunak emateko, lotsa sentitzen dutelako. Orain eroso sentitzen dira", gaineratu du.
Mishraren hitzetan, "maiz epaileek ez dute sentikortasunik biktimekin, hein handi batean, gizonezkoak direlako".