Mundua -
Bi lagun atxilotu dituzte
Hainbat lagunek bortxatutako neskaren hilketa gaitzetsi du Hegoafrikak
Jacob Zuma presidenteak ''haserrea'' agertu du, eta ''mota horretako krimenek zigorrik latzena jasan dezaten'' eskatu. Hegoafrikan emakume bat bortxatzen dute 17 segundoan behin.
Erredakzioa
Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak ''haserrea'' agertu du ostegun honetan, hainbat lagunek bortxatu zuten 17 urteko neskaren heriotzagatik.
Segurtasun agente batek larri zaurituta aurkitu zuen Anene Booysen joan den asteburuan, lanean dagoen eraikuntza batean, hainbat lagunek bortxatu ondoren. Ospitalean hil zen handik ordu batzutara, baina, aurretik, erasotzaileetako bat identifikatzea lortu zuen.
Poliziak bi lagun atxilotu ditu, eta ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea.
Jacob Zuma presidenteak ''mota horretako krimenek zigorrik latzena jasan dezaten'' eskatu dio Justiziari.
''Ekintza krudel eta jasangaitza da. Ez du lekurik gure herrialdean'', gaineratu du.
17 segundoan behin, emakume bat bortxatzen dute
''Mundu mailan, bortxaketen hiriburua da'', Interpolen ustez, Hegoafrika, 17 segundoan behin emakume bat bortxatzen baitute bertan.
Indian, 23 urteko neskaren bortxaketak eragindako heriotzak piztutako haserre eta erantzuna Hegoafrikan ere isla izatea bilatzen dute emakumeen eskubideen aldeko hainbat taldek, bortxaketek gizarte mailan orain arte izan duten zigorgabetasuna eteteko.