Mundua -

Gatazka

PKKren buruzagiak armak uzteko deia egin du

Ehunka mila lagunen aurrean irakurritako agiri batean, Abdullah Ocalanek Turkiatik alde egiteko eta bide demokratikoak erabiltzeko eskaera egin die bere jarraitzaileei.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB
PKKren buruzagiak armak uzteko deia egin du

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kurdistango Langileen Alderdiaren erakunde armatuaren (PKK) buruzagiak, Abdullah Ocalanek, armak uzteko eta bide demokratikoei heltzeko deia egin die bere jarraitzaileei.

Ocalan espetxean dago eta bere mezua Bakearen eta Demokraziaren aldeko Alderdiko bi diputatuk irakurri dute, ehunka mila lagunen aurrean.

Agirian ondokoa dio Ocalanek: "Utz itzazue armak eta joan zaitezen Turkiatik. Aro berri baten hasiera da gaurkoa. Eskubide demokratikoen, askatasunaren eta berdintasunaren garaia hasi da".

"Armak isildu egin behar dira. Turkiarren eta kurduen odolustea gelditu egingo da. Armak isilduko dira eta politikak hitz egingo du. Ez da gerrarako eta borrokarako garaia, aliantzak egiteko eta konpromisoak hartzeko aroa da", azpimarratzen du mezuan.

Bake prozesuaren oinarria

PPKren sortzaile eta buruzagi historikoak azken asteotan harremanak izan ditu Turkiako zerbitzu sekretuarekin, balizko bake prozesu baten oinarriak ezartzeko.

Duela aste batzuk, Recep Tayyip Erdogan lehen ministro turkiarrak agindua eman zuen Turkiako Armadak ez zuela PKKren aurkako erasorik egingo, gerrillariek Irak iparraldera atzera egitean.

Ocalan eta Turkiako zerbitzu sekretuen arteko harremanak duela zenbait aste baieztatu zituzten bi aldeek. "Urrats positiboak" eman zirela ere nabarmendu zuten.

2011ko irailean, sekretupeko negoziazioak izan ziren Hakan Fidan Turkiko zerbitzu sekretuen buruzagiaren eta PPKren ordezkaritza baten artean, Oslon. Alabaina, filtrazio baten ondorioz elkarrizketa horiek publiko egin ziren eta negoziazioa bertan behera utzi zuten.

Porrot horren ostean, Erdoganek bere diskurtsoa gogoratu egin zuen, Ocalan exekutatu beharko litzatekeela adierazteraino. Baina, era berean, kurduen aldeko erreformak ere egin zituen: ikastetxe publiko batzuetan kurduera aukerazko irakasgaia izatea eta auzitegietan kurduera erabiltzea ahalbidetu zuen.

PKK

2012a urterik odoltsuena izan da turkiarren eta kurduen arteko gatazkan: PPK-ko 500 gerrillari eta Turkiako 140 soldadu eta polizia hil ziren iaz liskar ezberdinetan.

PKK-k 1984. urtean hartu zituen armak, Turkian bizi ziren 12 milioi kurduen eskubideak defendatzeko asmoz. Orduz geroztik, 45.000 pertsona hil dira gerrillari kurduen eta Turkiako segurtasun indarren arteko erasoetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Turkia berriak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?