Mundua -
Biltzarra
Erriflearen AEBetako Elkarte Nazionalak 'borroka luzea' hitzeman du
Erriflearen AEBetako Elkarte Nazionalak lau milioi kide inguru ditu, eta aurtengo batzarra "jaiki eta borroka ezazu" lelopean antolatu dute.
Erredakzioa
Wayne LaPierre Erriflearen AEBetako Elkarte Nazionalaren presidenteordeak "borroka luzea" iragarri du Barack Obamaren Gobernuaren "jazarpenaren aurrean herritarren eskubideak babesteko".
"Belaunaldi bakoitzean behin bakarrik gertatzen den gatazka baten erdian gaude. Gure askatasuna bermatzeko edo betiko galtzeko aukera dugu", esan du elkartearen batzarraren bigarren egunean.
70.000 lagun inguruk hartu dute parte Houston hirian egin duten batzarrean. Besteak beste, tiro ariketak, diru bilketa eta defentsa pertsonalerako hitzaldiak egon dira.
Kanpoaldean, ordea, armengatik hildako lagunen senitartekoak elkarretaratzea egin dute eta bertako parte hartzaile askoren eskuak "odolez zikinduta" daudela esan dute.
Igandean amaitzen da biltzarra eta bertatik buruzagi ezagun asko pasatu dira, horien artean, Sarah Palin errepublikarra. AEBetako Konstituzioaren bigarren emendakina, hau da, armak edukitzeko eskubidea aitortzen duena, defendatu dute.
Erriflearen AEBetako Elkarte Nazionalak lau milioi kide inguru eta herrialde osoko ia estatu guztietan bulegoak ditu. Aurtengo batzarra "jaiki eta borroka ezazu" lelopean antolatu dute.