Mundua -
Zauriak lepoan
Militarra sastatu zuen erasotzailearen bila dabil Frantzia
Militarra onik dago, eta Polizia ustezko erasotzailearen bila dabil. Horretarako, zonaldeko telebista-kamerek egindako grabaketak ari dira aztertzen.
Erredakzioa
Frantziako Polizia militar bat lepoan sastatu zuen erasotzailearen bila dabil igande honetan. Iturri ofizialek oraindik ez dute erasoa ekintza terroristatzat jo. Ikerketa Parisko Auzitegiaren terrorismoaren aurkako alorrak darama eta, tokiko hainbat komunikabidek diotenez, zonaldeko telebista-kamerek egindako grabaketak bereziki ari dira aztertzen.
Erasoa
Hala ere, Jean Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroaren arabera, gertatutakoa "eraso terrorista" izan da. Militarra ospitalera eraman zuten eta hiltzeko arriskutik kanpo dago, eta ustezko erasotzaileak ihes egin du.
Antza denez, erasoa 18:00ak inguruan gertatu zen Pariseko La Defense auzoan. Ustezko erasotzaileak 30 urte inguru ditu, bizarra du eta tunika bat jantzita zeraman erasoaren unean. Zauritutako militarra 23 urteko Cedric Cordier da. Odol asko galdu zuen eta ospitalera eraman zuten, baina onik dago. Le Drianen arabera, "lasaigarria eta pozgarria da soldadua onik dagoela jakitea".
"Militarra zelako hil nahi izan dute. Vigipirate zaintza programako kidea da, eta frantziarren segurtasuna bermatzen du", adierazi du Frantziako Defentsa ministroak. "Nire babesa eta elkartasuna adierazi nahi diet, Frantzian, Malin edo munduko edozein txokotan Frantziaren eta frantziarren segurtasunaren alde lanean dihardunetei", gaineratu du.
Erreakzioak
François Hollande Frantziako presidenteak ez du jazoeraren inguruan iritzirik eman nahi izan. "Hipotesi guztiak aztertu beharko ditugu", esan du Etiopian, Batasun Afrikarraren 50. urteurrenaren ospakizunetan.
Horren harira, Manuel Valls Frantziako Barne ministroak erasotzaileak "militarra hiltzeko asmoa" zuela esan du. Hala ere, Londresen asteazkenean izandako soldaduaren hilketarekin momentuz ez lotzeko eskatu du.