Mundua -
Gerra zibila
Gutxienez 20 lagun hil dira Sirian Armadako aire-bonbardaketa batean
Horrez gain, beste 13 pertsona hil dira Raqa hirian, erregimenak egindako beste bonbardaketa baten ondorioz.
Erredakzioa
Gutxienez 20 lagun hil dira ostiral gauean Bashar al Assad Siriako presidentearen Armadak egindako aire-bonbardaketa baten ondorioz. Erasoa Salma udalerrian jazo da, Latakiako probintzian (ipar-mendebaldean), larunbat honetan Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez.
Erakunde horrek azaldu duenez, hildakoak hamar zibil eta hamar matxino dira, eta horietatik sei, siriarrak izanda. Behatokiaren arabera, hildako kopuruak gora egingo du datozen orduetan, zauritu anitz izan direlako, eta horietatik asko oso larri daudelako.
Bestalde, SANA Estatuko albiste-agentziak ostiralean zabaldu duenez, "terrorista ugari" hil ditu Armadak Latakiako hainbat udalerritan, tartean Salma.
Bashar al Assad presidentearen familia Latakiakoa da, eta herritarren erdia alauitarra da, erkidego txiitatik hurbil dagoen sekta.
Halaber, matxinoei aurre egiteko leku garrantzitsua da Armadarentzat. Izan ere, matxinoek aurrerapauso handiak lortu dituzte zonalde horretan. Siriako Gobernuak herrialdearen erdigunea eta hegoaldea du kontrolpean; matxinoek, berriz, Turkiatik hurbil dauden iparraldeko zonaldeak eta Eufrates haranaren ingurua kontrolatzen dituzte.
Beste 13 hildako Raqan
Bestalde, gutxienez beste 13 pertsona hil egin dira erregimenak Raqa izeneko hiriaren kontra egindako bonbardaketan. Raqa hiria Siriako iparraldean dago eta matxinoek kontrolpean dute.
Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, hildakoen artean zazpi adingabe daude eta hamar zauritu egoera larrian daude.