Mundua -
Tentsioa
Gutxienez 22 lagun hil dira Libanon izandako atentatu batean
Libanoko lehen ministroak dolu eguna izendatu du ostirala, hildakoen omenez.
Erredakzioa
Libanon ostegun honetan gertatu den atentatu batean, gutxienez, 22 lagun hil eta 248 pertsona zauritu dira , Marwan Charbel herrialdeko lehen ministroak eta Gurutze Gorriak jakinarazi dutenez.
Polizia segurtasun kamerek grabatutako irudiak aztertzen ari da, atentatuaren nondik norakoak argitzeko. Zenbait iturriren arabera, eraso suizida bat izan da.
"Ikerketaren emaitzaren zain egon behar dugu, eta pistak aurkitzeko denbora pixka bat beharko da", azaldu du Libanoko lehen ministroak "An-Nahar" egunkariaren arabera.
Bestalde, Aisharen Brigada talde islamista sunnitak bere gain hartu du Beirut hegoaldean atzo izandako atentatua.
Nayib Mikati Libanoko lehen ministroak dolu eguna izendatu du gaurko eguna. Halaber, Defentsa Kontseiluaren bilera deitu dute egoera aztertzeko.
Ban Ki Moonek "elkartuta egoteko" dei egin die libanoarrei
Tentsio garai honetan, "elkartuta egoteko" deia egin die Ban Ki Moon Nazio Batuetako idazkari nagusiak libanoarrei.
Estatuko erakundeak babesteko eskatu die alderdi politikoei eta hiritarrei, eta atentatuaren egileak "ahal bezain pronto" epailearen aurrera eramatea espero duela gaineratu du.