Mundua -

Istilu larriak

Anaia Musulmanen buruzagi nagusia atxilotu dute Kairon

Gainera, Hosni Mubarak presidente ohia aske utzi dezakete datozen egunotan, eta horrek areagotu egin du tentsioa.

Istiluek ez dute etenik Egipton. Argazkia: EFE
Istiluek ez dute etenik Egipton. Argazkia: EFE
Anaia Musulmanek protesta gehiago deitu dituzte ondorengo orduetarako

0:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko segurtasun indarrek Mohamed Badie Anaia Musulmanen buruzagi nagusia atxilotu dute bart, Kairon, Abdel Fattah Osman Barne Ministerioaren bozeramaileak telebistan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez.

Osmanen esanetan, Kairo iparraldeko Nasr Hiria barrutian atzeman dute buruzagi islamiarra, etxebizitza batean.

Rabaa el Adaweya meskitatik gertu zegoen, Mohamed Mursiren alde egiten ari ziren kanpaldia desegin zutenean ehunka jarraitzaile hil zituzten lekuan.

Egiptoko agintariek Mursiren kontrako estatu kolpetik izan den indarkeriaren sustatzaileetako izatea leporatzen diete Badieri eta Anaia Musulmanen gainerako agintariei.

Mubarak libre utz dezakete

Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia egunotan gera liteke libre, fiskalak bere kontrako ustelkeria kasu baten harira absoluzioa eman ostean.

El Deebek esan duenez, Mubarakek kartzelan jarraitzeko oinarri legal bakarra ustelkeria beste kasu bat pendiente duela da, baina kasu hori aste honetan bertan ezer ezean geratzea espero dute.

Mubarak aske geratuko dela baieztatu ez badu ere, epaitegietako iturriek diote gutxienez beste bi aste beharko direla epaileek auzi horren inguruan erabaki bat hartu arte.

85 urte dituen Egiptoko presidente ohia beste auzi baten baitan ere epaituko dute; izan ere, 2011 hasieran bere kontra izan ziren protestetan manifestariak hil zituzten, eta hori eragozteko ez zuela ezer egin leporatzen diote.

Presidente ohiari eta Barne ministroari biziarteko kartzela-zigorra ezarri zieten horregatik, baina defentsak eta fiskaltzak helegitea jarri zuten.

400 buruzagi, atxilotuta

Anaia Musulmanek salatu dute talde islamiarreko 400 buruzagi atxilotu dituztela azken hiru egunotan, eta atxilotuak torturatzea eta presondegira zeramatzaten 36 atxilotu kiskaltzea leporatu diete Egiptoko agintariei.

Ahmed Abu Baraka Anaia Musulmanen abokatuak prentsaurreko batean azaldu duenez, behin behineko 15 eguneko atxiloaldia ezarri diete 400 pertsona horiei, eta debekatu egin diete abokatuekin harremanetan jartzea edo atxiloketen kontrako helegitea jartzea.

Egiptori arma-blokeoa ezartzea aztertzen ari da EB

Europar Batasuneko (EB) herrialdeek Egiptori arma-blokeoa eta bestelako presio neurriak egitea aztertuko dute, biolentziari amaiera emateko eta indar politiko guztien arteko eztabaida sustatzeko, Bernardino Leon Hegoaldeko Mediterraneorako Europako ordezkariak baieztatu duenez.

28 herrialdeen enbaxadoreekin bildu ostean, Leonek azaldu du herrialde horiek guztiek Catherine Ashton diplomazia komunitarioko arduradunari Egiptoren inguruko txosten bat egitea eskatuko diote. Txosten horretan EBk aukeran dituen neurriak azaldu beharko lirateke.

Horien artean, herrialdeari arma gehiagorik ez saltzearen aukera agertzen da. Hala ere, erabaki guztiak asteazkenean Europako Kanpo ministroen ezohiko bileran hartuko dituzte.

EBko Kanpo ministroek Egiptoko politikari buruz eztabaidatuko dute

Europar Batasuneko (EB) Kanpo ministroek Egiptoko egoerari buruzko ezohiko bilera egingo dute asteazkenean, Kanpo Ekintzen Europako Zerbitzuak jakinarazi duenez.

Aipatu erabakia Hogeita zortzien enbaxadoreek egindako bilera batean hartu dute, eta hitzordu horretan herrialde horren biolentziari aurre egiteko erantzun komunitarioa zein izango den eztabaidatuko dute.

EBk aurreratu du berrikusiko dituela Kairorekiko erlazioak, hau da, kooperazio ekonomikorako eta komertziorako programak, besteak beste.

24 polizia hil dituzte

Talde armatu batek 24 polizia hil ditu Rafahn, Egipton, Gazako eremutik gertu, bertako telebista publikoak jakitera eman duenez.

Hildakoak soldaduak zirela esan dute hasieran, baina gero segurtasun indarretako kideak zirela zehaztu dute.

Azken orduetan herrialde osoan izandako istiluetan gutxienez 173 lagun hil eta beste 1.330 lagun zauritu dira .

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Europar Batasuna Epaiketak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Egipto gaur Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?