Mundua -
Siriako gatazka
Ustezko eraso kimikoaren irudi gogorrak zabaldu dira
Siriaren kontrako erasoa beharrezkoa dela azpimarratzeko, ustezko eraso kimikoaren irudi gogorrak zabaldu ditu AEBetako gobernuko funtzionario batek.
Erredakzioa
Siriari erasotzeko baimena lortzeko ahaleginean, Obama presidenteak indartu egin du Kongresuaren gaineko presioa. Gero eta gehiago dira ekintza militarraren kontra agertzen ari diren kongresistak, eta herritarren artean ere ez dago nazioarteko gatazka batean nahasteko gogorik.
Hori dela eta, Kongresuko kideak eta herritarrak ekintza militar mugatuaren alde jartzeko, zuzenean bihotzera jotzen duten irudiak zabaldu ditu Etxe Zuriak. Youtubetik ateratako 13 bideo dira, eta abuztuaren 21eko ustezko eraso kimikoaren biktimak erakusten dituzte.Obamak ez du lortu herritarrak bere alde jartzea eta Kongresuko gero eta kide gehiago agertzen ari dira ekintza militarra baimentzearen kontra, asko Obamaren alderdi berekoak, demokratak dira.
Aste erabakigarria
Aste hau erabakigarria izan daiteke bihar bueltatzen direlako kongresistak lanera oporretatik. Hori dela eta, Obamaren administrazioa presioa indartzen ari da. Bihar, 6 telebista katetan agertuko da Estatu Batuetako presidentea eta, etzi, mezua igorriko dio herriari.
John Kerry, nazioartearen babes bila
Kanpoan, nazioartearen babes bila, John Kerry, Estatu idazkaria, Liga Arabiarreko ordezkariekin bilduko da gaur Parisen.