Mundua -
Krisia AEBn
Obama kongresista errepublikano nagusiekin bilduko da gaur
Etxe Zuriak Ganberako errepublikano guztiak gonbidatu ditu, baina 18 pertsonako talde bat bakarrik izango da bileran.
Erredakzioa
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Alderdi Errepublikanoko kongresista nagusiekin bilduko da gaur, osteguna; John Boehner Ordezkarien Ganberako presidentea eta Eric Cantor horren 'bigarrena', besteak beste, han izango dira.
Steve Southerland eta Lynn Jenkins legegileak, eta Tea Party mugimendu ultraeskuindarreko kideak, ere zerrenda barruan daude. Obamak haiei egotzi die urriaren 1etik Gobernuak bizi duen itxieraren erantzukizuna.
Brendan Buck Boehnerren bozeramaileak esan duenez, Etxe Zuriak Kongresuko errepublikano guztiak gonbidatu zituen. Alabaina, Boehnerrek 18 pertsonako talde bat biltzea erabaki zuen, horien artean, Parlamentuko zenbait batzarretako presidenteak.
Obamak "etsipenez" hartu du esperotakoa baino kongresista gutxiago parte hartzea; Jay Carney Presidentetzako bozeramalearen esanetan, "garrantzitsua da zuzenean krisi hau bultzatu duten eta ekonomia suntsituko duen" kongresista guztiekin hitz egitea.