Mundua -
Bahiketa
Gurutze Gorriko hainbat langile bahitu dituzte Sirian
Ez da zabaldu bahituen jatorriari buruzko informaziorik. Antza, armatuta zeuden hainbat lagunek errepide erdian Gurutze Gorriko autoa geldiarazi dute eta bertan zihoazenak eraman egin dituzte.
Erredakzioa
Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeko hainbat kide bahitu dituzte gaur Siria iparraldean, Idlib eskualdean. SANA albiste agentzia siriarrak jakitera eman duenez, autoz zihoazen, Serminetik Saraqiberako bidea egiten, bahitu dituztenean.
"Iturri ofizial batek SANAri jakinarazi dionez, talde armatu batek Gurutze Gorriko hainbat lagun bahitu ditu gaur, Serminetik Saraqirako bidean", zabaldu du berri agentziak .
Antza, armatuta zeuden hainbat lagunek errepide erdian autoa geldiarazi dute eta bertan bahitu dituzte Gurutze Gorriko kideak. Oraingoz, bahituen jatorriaren inguruan ez da ezer zabaldu.
Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak baieztatu egin du albistea, baina gertatutakoaren informaziorik ez du zabaldu. "Zerbait gertatu dela badakigu eta ikertzen ari gara", zehaztu du Ewa Watson batzordeko bozeramaileak.
Nazio Batuek zabaldutako datuen arabera, duela bi urte Armadaren eta miliziaren arteko gatazkak hasi zirenetik, 100.000 pertsona hil dira gutxienez Sirian eta milioika lagunek alde egin dute errefuxiatuen kanpalekuetara, babes bila.