Mundua -
Grezia
Kanpamentu batean aurkitutako umearen guraso faltsuak, epaile aurrean
Neskatoa, ilehoria eta begi argikoa, ijitoen kanpamentu batean aurkitu zuten joan den ostegunean. Beren burua gurasotzat aurkeztu zutenei DNA proba egin, eta gurasoak ez zirela jakin zuten.
Erredakzioa
Beren burua joan den astean Farsalan (Grezia erdialdea), ijitoen kanpamentu batean, agertu zen eskandinaviar itxurako umearen gurasotzat aurkeztu zuten gizon-emakumeek epailearen aurrean deklaratuko dute gaur. Bien bitartean, herritarrak etengabe ari dira deika, laguntza emateko asmoz.
Poliziak iragarri duenez, 40 urteko gizonaren eta 39 urteko emakumearen argazkiak argitaratuko dituzte laster. Atxilotu egin dituzte, adingabeak bahitu dituzten susmoak baitituzte eta dokumentazio faltsua atzeman baitiete. Neskatoaren guraso biologikoak aurkitzera bideratuta daude ikerketa lanak orain.
Umea joan den ostegunean aurkitu zuten, kanpamentuko etxe batean, beste hiru umerekin batera; hainbat arma zeuden etxean gordeta.
Gizon-emakumeak polizia etxera eraman zituzten, kontraesanak bota baitzituzten polizien galderei erantzuteko orduan.
Bikotekideen deklarazioen eta neskatxaren eskandinaviar itxuraren (ile horia eta begi berdeak) ondorioz, agenteek DNA proba bat egitea eskatu zuten, eta atxilotuak umearen guraso biologikoak ez direla jakin zen orduan.
Agintariek esan dutenez, hasieran "Maria"k (izen hori jarri diote hedabideetan) lau urte zituela zabaldu bazuten ere, kalkulua baino ez da hori, eta ez dago egiaztatuta. Grezian edo beste herrialde batean jaio ote den ere ez dakite.
Etxean zuten bi pertsonek adierazi dutenez, emakume batek eman zien, supermerkatu bateko atean, eta alde egin zuen.
Poliziaren aburuz, baliteke ume-trafikatzaileen sare bat izatea, bikote horrek dozena bat ume baino gehiago baititu seme-alabatzat izena emanda.
Interpolen laguntzaz, ume desagertuen hainbat kasu ikertzen ari dira, baita umeak jaiotzean hil zirela esan zieten hainbat gurasoren salaketak ere.
Joan den ostiraletik, umea behin-behinekoz zaintzen ari den gobernuz kanpoko erakundeak, Umearen Irribarreak, 5.500 telefono dei baino gehiago jaso ditu, lagundu nahi zuten herritarren partetik. Webgunean ere ehunka mila sarrera izan dira honezkero.
Poliziak hainbat bide jarri ditu lagundu nahi dutenentzat: ume desagertuen europar linea (116 000 eta Umearen Irribarrea GKEa (+30 210 76 09 550 telefono zenbakia eta 116000@hamogelo.gr helbide elektronikoa.