Mundua -
Mali
Frantziak segurtasuna areagotuko du Malin, bi kazetariren hilketagatik
RFI irrati kateko bi kazetari tiroz hil zituzten. François Hollande Frantziako presidenteak komunikatu batean erasoa kondenatu du, eta "ekintza gorrotagarri horren aurrean sumindura" adierazi du.
Erredakzioa
Segurtasuna areagotuko du Frantziak Mali iparraldean. Atzo RFI irrati kateko bi kazetari hil zituzten "herrialdean hauteskundeak onartzen ez dituzten taldeek", Laurent Fabius Atzerri ministroaren arabera.
Frantziako diplomaziaren buruak bilera baten ostean egin ditu adierazpenak. Kidalen izan ziren hilketak, tuaregen matxinadaren gune nagusian, eta bertan kalteak jasan dituztenekin bildu da Fabius Eliseoko jauregian.
Atzerri ministroak adierazi duenez, Ghislaine Dupont kazetaria eta Claude Verlon teknikaria tirokatuta hil ziren, eta gorpuak haien autotik metro gutxitara topatu zituzten. Bikotearen lur orotako ibilgailua osorik zegoen, eta ateak itxita zituen.
"Hoztasunez erail zituzten, bat bi tirorekin eta bestea hirurekin. Informatzeko eta informatua izateko askatasunaren aurkako krimena izan da", azaldu du ministroak.
Zehaztasun gehiago eman gabe, "hiltzaileak Frantziak borrokatzen dituen haiek dira, demokrazia ukatu eta hauteskundeak onartzen ez dituzten talde terroristak dira", esan du Fabiusek.
Frantziak esku-hartze armatu bat zuzendu zuen urte hasieran talde terroristek eta tuareg matxinoek kontrolatzen duten Mali iparraldean.
Bestalde, RFI irrati kateko zuzendariek datozen orduetan Bamako hiriburura bidaiatuko dutela adierazi dute, bi kazetarien gorpuak aberriratzeko.
Dupontek eta Verlonek esperientzia handia zuten nazioarteko misioetan. Kidalen bahitu zituzten, Mali iparraldean, Azawaden, MNLA Azawaden Askapen Nazionalerako Mugimendua talde tuareg separatistako buru Ambéry Ag Rissa elkarrizketatu ostean.
Malin dauden kontingente frantziar batzuk aurkitu zituzten kazetarien gorpuak. Kazetarien gorpuak, Bamakotik igaro ostean, Frantziara aberriratuko dituzte.
Maliko Gobernuak kazetari frantziarren hilketa ikertuko du
Maliko Gobernuak ikerketa abiatu du asteburuan herrialdean hil dituzten kazetarien heriotzak ikertzeko. Larrialdiko bilera egin dute gaur Ibrahima Bubacar Keita Maliko presidenteak eta Umar Tatam Ly lehen ministroak, eta bertan hartu dute erabakia.
François Hollandek "sumindura" adierazi du
François Hollande Frantziako presidenteak bi kazetari frantziarren hilketa gaitzetsi du eta haserrea adierazi du, ohar batean. Hollande gaiarekin zerikusia duten ministroekin elkartuko da bihar, "Maliko agintariekin eta NBEko indarrekin harremanetan, hilketaren nondik norakoak argitzeko".
Hollandek Ibrahim Boubacar Keita Maliko presidentearekin hitz egin du telefonoz, eta biek ala biek Malin diharduten talde terroristen kontrako borrokan jarraitzeko borondatea erakutsi dute.
"Gaur Kidalen gertatutako hilketek terrorismoaren kontrako borrokan aurrera egiteko eta borroka irabazteko gure determinazioa indartzen dute", adierazi du Frantziako Gobernuak. Bestalde, Frantziako Atzerri Ministerioak doluminak helarazi dizkie hildakoen senideei eta lagunei.
NBEren gaitzespena
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak "gogor" gaitzetsi du bi kazetari frantziarren hilketa.
"Segurtasun Kontseiluak gatazka armatu baten bi aldeei nazioarteko gizaldeko legeek ezarritakoa bete behar dutela eskatzen du berriz, baita zibilak babestearekin lotuta dauden horiek ere", esan du ohar baten bidez.
NBEko Segurtasun Kontseiluak gogorarazi duenez, kazetariak "zibiltzat hartu behar dira, eta zibilen moduan errespetatu eta babestu behar dira".
Halaber, giza hilketa horiek egin dituztenak Justiziaren aurrera eraman ditzatela eta gertatutakoa "azkartasunez" ikertzea eskatu die Maliko agintariei. Segurtasun Kontseiluak berretsi egin du "ekintza terrorista guztiak kriminalak eta justifikaziorik gabekoak" direla.
Aljeriako Gobernuak hilketa doilor eta gorrotagarritzat jo du
RFI irrati kateko bi kazetari frantziarren hilketa doilortzat eta gorrotagarritzat jo du Aljeriako Gobernuak.
APS Aljeriako agentzia ofizialari eskainitako elkarrizketan, Amat Belani Aljeriako Atzerri Gaietarako ministroak hilketek atsekabe sakona eragin diela adierazi du.
"Hilketa doilor hori gaitzetsi eta gure doluminak eman nahi dizkiegu biktimen senideei, lagunei eta Frantziako Gobernuari", gaineratu du Belanik.
Aljeriak Maliko Gobernua babesten duela eta Aljeriak terrorismoaren eta krimen antolatuaren kontra "etenik gabe borrokatzeko" erabakitasuna duela gaineratu du.