Mundua -
Gobernua Alemanian
Alderdi Sozialdemokratak gobernu-koalizioa osatuko du Merkelekin
SPD alderdiko kideen % 76 koalizioaren alde agertu dira, eta litekeena da bihar iragartzea zeintzuk izango diren kabinetea osatuko duten 15 politikariak.
Erredakzioa
Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak (SPD) Angela Merkel kantzilerraren Batasun Demokrata Kristauarekin (CDU) gobernu-koalizioa osatzea adostu du gaur, bozketa bidez.
Bozketa posta bidez egin da, eta SPD alderdiaren arabera, hautesleen % 76 koalizioaren alde agertu dira. Hori horrela, baliteke Gobernua asteartean bertan martxan jartzea.
Merkelen CDU alderdiak eta horren Bavierako fakzioak, Batasun Kristau Sozialak (CSU) irailaren 22ko hauteskundeak irabazi zituzten, baina ez zuten behar zuten gehiengoa lortu. SPD bigarren alderdirik bozkatuena izan zen.
Baliteke hiru alderdi horietako buruek bihar bertan iragartzea zeintzuk izango diren kantzilerraren kabinete berria osatuko duten hamabost pertsonak. Merkel izango da, beste behin, koalizio handi baten burua, 2005-2009 urteen artean gertatu zen bezala. Koalizio akordioa astelehenean sinatuko dutela uste da; hala balitz, asteartean abian jarriko litzateke Gobernua.
Ostiralean SPD alderdiko iturriek esan zutenez, sozialdemokratek hamabost karguetatik sei beteko dituzte Gobernuan. Horien ustez, Sigmar Gabriel alderdiko liderra kantzilerorde eta Ekonomia sailburu izendatuko dute. Gainera, Frank-Walter Steinmeier berriro ere Atzerri ministroa izango ei da, lehenengo koalizio handian bezala. Iturri berberen arabera, Wolfgang Schaeuble Merkelen alderdikideak jarraituko du Finantza ministro postuan.