Mundua -
Hauteskundeak Txilen
Txileko presidentea Michelle Bachelet izango da berriro
Txileko presidente birritan aukeratzen duten lehen emakumea da, presidenterako hauteskundeetako bigarren itzulian Evelyn Matthei eskuineko hautagaiari irabazi ostean.
Erredakzioa
Michelle Bachelet ezkerreko hautagaia Txileko presidentea izango da bigarren aldiz, igande honetan Txilen egin diren presidenterako hauteskundeetako bigarren itzulian Evelyn Matthei eskuineko hautagaiari irabazi ostean. Bacheletek botoen % 62,33 eskuratu ditu, eta Evelyn Mattheik, berriz, % 37,66.
2006. eta 2010. urteen artean izan zen Txileko presidente Bachelet, eta berriz ere kargura itzuliko da orain. Evelyn Matthei eskuineko hautagaiak Bacheleten garaipena onartu du, eta Bachelet aurrez aurre zorionduko duela gaineratu du.
Emaitzak ezagutu ondoren, Bacheletek esan du Txilen "aro berri baten aurrean" daudela: "Aro berri bat abiatuko dugu, aurreko belaunaldi eta gobernuek egindako lana goraipatuz". "Asko egin dugu, harro egoteko moduko herri bat eraiki dugu, ekonomia osasuntsua, demokrazia egonkorra eta bere eskubideak ondo ezagutzen dituen herritarrak baititugu", gaineratu du. "Gaur, erronka handiago bati heldu behar diogu. Jomuga berri bat izan behar dugu, eta ni jomuga horren zerbitzura izango naiz". Txileko Presidentetzan hartuko dituen neurri batzuk aurreratu ditu Bacheletek; besteak beste, doako hezkuntza sistema publiko bat eraikitzea. "Gaur, inork ez du zalantzarik: etekinak lortzea ezin da hezkuntzaren motorra izan. Hau ez da salgai dagoen zerbait. Denon eskubidea da", azpimarratu du.
Parte-hartze txikiak derrigorrezko botoaren aldeko aldarria handitu du
Txileko presidenterako hauteskundeetako bigarren itzulian ere abstentzio handia izan da, eta dagoeneko politikari batzuk hasi dira berriro ere derrigorrezko botoa ezartzea eskatzen.
Izen-emate automatikoa eta borondatezko botoa 2012tik daude indarrean, eta duela urtebeteko udal hauteskundeetan eta presidenterako hauteskundeen lehen itzulian aplikatu da aldaketa.
Ricardo Lagos presidente ohi sozialistak iritziz aldatu duela aitortu du, eta derrigorrezko sufragioaren alde egin du. "Eskubide bat da, baina, funtsean, betebehar bat da", adierazi du botoa eman ostean. "Pentsatu eta hausnartu ostean, oker nengoela konturatu naiz", gaineratu du.
Bachelet presidente izatetik oso gertu gelditu zen lehen itzulian
Azaroaren 17an, Bacheletek zuzenean La Moneda jauregirako txartela lortu nahi zuen, baina horretarako beharrezkoak diren botoen % 50etik lau puntura geratu zen. Dena dela, Presidentetzarako lehian lehen postuan kokatu zen, bigarrenak, Mattheik, botoen % 25 baino ez baitzituen lortu. Ondorioz, Bacheletek duela ia hilabete lortutako botoei eutsi eta beste batzuk gehitzea nahikoa izan du presidente izateko.
Mattheik, aldiz, azaroaren 17an lortutako emaitzei buelta eman behar zien. Horretarako, lehen itzulian bozkatu ez zuten kontserbadoreei hauteslekuetara gerturatzeko deia egin zien. "Lehen itzulian nire alde bozkatu bazenuen eta botoa eman ez zuen bat ekartzen baduzu, posible da", adierazi zuen hautagai eskuindarrak iragarki batean.
Michelle Bachelet presidente ohiak irabazita, ezkerrak boterea berreskuratu du, Augusto Pinocheten diktaduraz geroztik, ezkerrak gobernatu baitu Hego Amerikako herrialdean, azken lau urteetan izan ezik.