Mundua -
AEB
Espioitza masiboa Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du epaile batek
NSAren programa "arbitrarioa eta bidegabea" dela esan du Washingtongo epaile federal batek.
Erredakzioa
AEBko Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) abiatu eta Edward Snowden teknikari ohiak agerian utzitako espioitza programa masiboa Konstituzioaren aurkakoa izan litekeela ebatzi du herrialde horretako epaile federal batek. Hori dela eta, bere epaitegian jasotako salaketa bat izapidetzen jarraitzeko baimena eman du.
Hain zuzen ere, Richard Leon Washingtongo epaileak arrazoia eman die Larry Klayman eta Charles Strange ekintzaile kontserbadoreei (horiek jarri dute salaketa), eta espioitza masiboak Konstituzioaren laugarren emendakina (ikerketa eta kontrol bidegabeak debekatzen dituena) urratzen duela ebatzi du.
Gainera, epailearen esanetan, Justizia Departamentuak ez du frogatu milioika telefono deiren datuak (iraupena, data, komunikatzaileen izenak...) bilduz eraso terroristak saihestu dituztenik.
Ebazpenean, baimen judizialik gabeko espioitza masiboa baino "inbasio arbitrarioagorik eta bidegabeagorik" ez dagoela adierazi du epaileak.
Leon epailearen ebazpena NSAren espioitza programak jasotako lehen kolpe judiziala izan da.
Auzi honetan, Snowdenek agerian utzitako programa bat baino ez dute aztertu, AEBko herritarren telefono deien datuak biltzen dituena, alegia.
Programa hori judizialki NSAri arazo gehien sor diezaiokeenetako bat izan liteke, agentzia horrek atzerrian baino ezin baitu espioitza egin.