Mundua -
Siriako gatazka
300 hildakotik gora azken astean Alepon, erregimenaren bonbardaketetan
Bachar al Asaden erregimenak Siriako Alepo hiria eta inguruak erasotu ditu azken zortzi egunetan. Erasoek jarraitzen badute, oposizioak Genevara ez dela joango adierazi du.
Erredakzioa
Gutxienez 301 pertsona hil dira Siria iparraldeko Alepo hirian eta inguruetan, Bachar al Asaden erregimenak azken zortzi egunetan egindako bonbardaketetan. Halaxe adierazi du Ramy Abderrahman Siriako Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak.
Erasoak abenduaren 15ean, goizean, hasi eta pasatu den gauean gelditu ziren. Biktimen artean, 87 adingabe, hogeita hamar emakume eta hogeita hamar gerlari erreboltari zeuden.
Atzo Alepoko Masaken Hanano auzoan izandako erasoan, gutxienez 43 pertsona hil ziren; tartean, sei adingabe.
Gainera, auzo horretan, Ahmadiyan eta Al Haidariya biribilgunean, gutxienez hamabi oposizioko gerlari zendu ziren.
2011ko martxoan Siriako gatazka hasi zenetik, 100.000 pertsona baino gehiago hil dira. Zehazki, Behatokiak 125.000tik gora zendu direla esan zuen orain gutxi.
Oposizioa ez da Ginebrara joango
Ahmed Yarba Siriako Koalizio Nazionaleko presidenteak gaur adierazi duenez, oposizioko alderdi nagusiak ez dira urtarrilaren 22an Genevan izango den konferentziara joango erregimenaren erasoek aurrera jarraitzen badute.
"Bachar al Asad Siriako herria ezabatzeko egiten ari den bonbardaketa ikusita, Koalizioa ez da Genevako konferentziara joango", esan die Yarbak Laurent Fabius Frantziako eta Willian Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroei.