Mundua -
Estatu Batuak
AEBetako heren bat elurretan murgilduta utzi du 'Hercules' ekaitzak
Denboraleak 9 hildako utzi ditu dagoeneko, eta larrialdi egoera eraman du herrialdeko ipar-ekialdeko hainbat estatutara. Milaka hegaldi bertan behera geratu dira eta eskola asko itxi dituzte.
Erredakzioa
'Hercules' ekaitzak AEBetako iparralderantz jo du eta, dagoeneko, 9 hildako utzi ditu. Estatu Batuetan neguan izan den lehen ekaitza da, era herrialde horretako heren bat utzi du izoztuta.
Azken orduotan, hotz artikoa, haize ufada oso gogorrak eta elurra ugari ari da uzten, eta 45 zentimetroko elur geruza pilatu da lurraldeko zenbait tokitan. Ingalaterra Berriko hainbat tokitan 60 zentimetrora ere iritsi dira. Guztira 22 estaturi eta 100 milioi pertsonari eragin die denboraleak.
Chicago, New York, Boston eta Washington hirietako aireportuan, batik bat, oso zaila izaten ari da jardunaldia, eta ostiral honetan 1.300 hegaldi bertan behera utzi dituzte. Atzo ere beste 2.000 geratu ziren bertan behera.
Eguraldi okerrak eta ostiral honetan ekaitzak indar handiagoa hartuko duen mehatxuak bultzatuta, New York eta New Jersey estatuetan larrialdi egoera ezarri dute. Logan Bostongo aireportuan, atzo goizetik gaur eguerdira arte aireratzeko programatuta zeuden hegaldiak bertan behera utzi dituzte, eta Boxforden, Massachusettseko hiriburuaren iparraldean, zuritu eta 53 zentimetro hartu ditu elur geruzak.
"Herkules"en indarraren beldur, ostiralean eskolak itxi dituzte Filadelfian eta Bostonen, eta beste estatu batzuetan, hala nola New Yorken, eskolaz kanpoko jarduerak debekatu dituzte.
Ekaitz indartsuaren aurrean, Massachusettseko eta New Jerseyko estatu administrazioko langileek ez dute lan egingo eta etxean geldituko dira, beren lana erabat beharrezkoa bada, eta enpresa pribatuek berdin jokatzeko eskatu dute agintariek.
Errepideak ere oso txarto daude, eta okerrera egingo dutela uste dute. Hartara, errepide batzuk itxi dituzte eta litekeena da ipar-ekialdeko eta Mendebalde Ertaineko zenbait zonaldetan autobus eta tren zerbitzuak etetea.
Guardia Nazionala eta Massachusettseko estatu poliziak segurtasun neurriak areagotu dituzte, uholdeak egon litezkeen beldur, baina oraingoz ez dute inor etxetik atera.
New York
Ekaitz hau izango da Bill de Blasio New Yorkeko alkate berri demokrataren lehen erronka. Izan ere, hiri horrek kolapso handiak pairatu izan ditu aurrekoetan horrelako eguraldia izan den beste batzuetan.
Goizean goiz nabari dira ekaitzaren ondorioak nabari dira New Yorken, baina elurrak ez du hiria erabat gaudiarazi. Hala, 7,5 zentimetro elur pilatu dira Kennedy aireportuan, baina 30 zentimetrora iritsi da elurra Queensen, Brooklynen eta Bronxen. Central Parken (Maniatan), berriz, 16 zentimetrokoa da maila.
Eskola publiko eta pribatuak itxita daude, eta garraio publikoan atzerapenak izan dituzte. Kalean ohi baino zirkulazio gutxiago dago, eta ibilgailuak motelago.
Edonola ere, jarduera ez da erabat eten, eta saltoki gehienak irekita daude. Banketxe eta finantza gune nagusiak ere zabalik daude.
De Blasiok, ipar-ekialdeko beste agintari askok egin duten bezala, ahal den neurrian etxean gordetzeko eskatu die herritarrei.
New York hirian baliabide andana jarri dituzte "Herkules"en aurka "borrokatzeko": elurra kentzeko 1.700 makina, hiriguneko lurretik gatza zabaltzeko 450 ibilgailu...