Mundua -
Siria-Irak Gatazka
Irakeko Armadak Falluja bonbardatu du ISIL kanporatzeko
Ia 500 pertsona hil ziren aurreko astean Siriako matxinoen eta Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamiarreko (ISIL) milizianoen arteko borroketan, Sirian.
Erredakzioa
Irakeko Armadak Falluja hiriko bi auzo bonbardatu ditu bart Al Kaidari lotutako ISIL taldeko milizianoak kanporatzeko eta Anbar probintziako hiriaren kontrol osoa berreskuratzeko.
Ustez Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamiarreko (ISIL) milizianoen esku daude Subaiyat eta Karmeh auzoak, eta "ezusteko" bonbardaketa egin dute horien kontra, NINA albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
Ostegunean hasi ziren Irakeko Armada, segurtasun indarrak eta tribu batzuk ISILen kontrako borrokan, geroz eta eremu gehiago miliziaren kontrolpean geratzen ari zirela ikusita.
Nazioartea oso kezkatuta agertu da Fallujan, Bagdadetik 60 kilometrora, eta Ramadin, gertatzen ari diren liskarrengatik. Izan ere, Siriarekin eta Jordaniarekin muga egiten duen probintzian daude bi hiriak, eta borrokak Siriaraino iritsi dira.
500 hildako
Ia 50 pertsona hil ziren aurreko astean Siriako matxinoen eta ISILeko milizianoen arteko borroketan, Alepo probintzian, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakitera eman duenez.