Mundua -

Bilera Etxe Zurian

Une honetan erronka enplegua dela ohartarazi dio Obamak Rajoyri

AEBko presidenteak Espainiako Gobernuaren presidentearen ''lidergoa'' goraipatu du. Rajoyk, bestalde, Katalunian independentziarik egongo ez dela ziurtatu du Obamaren aurrean.

Obamaren eta Rajoyren arteko lehenengo bilera, Etxe Zurian

0:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak Mariano Rajoyren "lidergoa" goraipatu du, eta lidergo horrek Espainiako egonkortasun ekonomikoa baimendu duela azpimarratu du, defizit publikoa murriztuta eta hazkunde ekonomikoaren lehen pausoak emanda. Edonola ere, erronka, une honetan, enplegua sortzea dela ohartarazi dio Obamak Rajoyri.

Bi agintariek bilera egin dute astelehen honetan Etxe Zurian eta, ondoren, agerraldia egin dute komunikabideen aurrean. Bertan, Obamak esan du egoera oso zail batean iritsi zela agintera Rajoy, eta zoriondu egin du Espainiako burua, egindako ''aurrerapen'' handiengatik. Hala, Espainiak defizita murriztu duela, hazkundea sortzeko lehen pausoak eman direla eta Espainia berriz ere merkatuetan finantzaketa lortzen hasi dela azpimarratu du AEBko presidenteak.

"Espainia egonkortu den arren", Obamak ohartarazi du oraindik "erronka handiak" dituela aurretik, eta, beraz, "lanean jarraitzera" bultzatu du Rajoy.

Espainiako presidenteak, bestalde, onartu egin du  langabezia oraindik "arazo nagusia" dela, baina 2014an Espainian hazkundea izango duela eta enplegua sortuko duela aurreratu du.

Ameriketako Estatu Batuetara egindako bidaia "inbertsioa" eskatzeko aukera aprobetxatu du Rajoyk.

Kataluniaren independentzia

Bestalde, Kataluniako independentzia gertatuko ez dela ziurtatu du Obamaren aurrean Espainiako presidenteak; ildo horretan, "ezegonkortasun politikoa eta ziurgabetasuna" ekonomia suspertzen laguntzen ez dutela ohartarazi du.

Segurtasuna eta espioitza

Halaber, segurtasun mailan Espainiaren eta AEBen arteko harreman onak azpimarratu ditu Obamak, eta eskertu egin du zenbait operazio militarretan Espainiak eskainitako lankidetza.

NSA Segurtasun Agentzia Nazionalaren ustezko espioitza kasuan piztutako polemikaren aurrean, Rajoyk esan du Estatu Batuek "behar bezalako azalpenak" eman dizkietela bai AEBk Madrilen duen enbaxadaren bitartez bai "beste maila batzuetan ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea