Mundua -
Espioitza AEB-etan
NSAk mundu osoan ordenagailuak 'hackeatu' ditu, ziber-erasoak egiteko
Programa honetako helburu nagusiak Txinako eta Errusiako Armadak eta Mexikoko Polizia izan dira.
Erredakzioa
AEBko Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) software sekretu bat instalatu zuen mundu osoko 100.000 ordenagailutan, horietatik espioitza egiteko eta ziber-erasoak abiatzeko, The New York Times egunkariak gaur jakinarazi duenez.
Egunkari horren arabera, NSAk ordenagailuotan zuzenean sartuz instalatu zuen software sekretua.
Teknologia hori 2008. urtetik erabili du NSA agentziak, eta transmisioak irrati uhinen bidez egitea ahalbidetzen du. Horregatik, ordenagailua ez da Internetekin konektatuta egon behar datuak igortzeko.
NSAren eta Pentagonoaren programa honetako helburu nagusiak Txinako eta Errusiako Armadak, Mexikoko Polizia eta Latinoamerikako kartelak izan dira. Dena dela, Saudi Arabia, India eta Pakistan ere espiatu dituzte, aipatu egunkariaren arabera.