Mundua -
Espioitza
AEBek eta Erresuma Batuak 'Angry birds' erabiltzen dute espiatzeko
Beste 'app' batzuen bidez ere zelatatzen dituzte erabiltzaileak, haien adina, sexua, kokalekua, bisitatutako webguneak, lagunen zerrendak eta beste hainbat datu ezagutzeko.
Erredakzioa
AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) eta Erresuma Batuko Gobernuko Komunikazioen Kuartel Nagusiak (GCHQ) sakelako telefonoetako 'app'ek dituzten hutsuneak baliatzen dituzte, programa batzuen bitartez erabiltzaileak zelatatzeko, 'The Guardian' egunkariak jakitera eman duenez. Besteak beste, dagoeneko 1.700 milioi aldiz deskargatu den 'Angry birds' jokoan sartzen omen dira.
Egunkari britainiarra Edward Snowden NSAko langile ohiak filtratutako informazioan oinarritu da albistea zabaltzeako.
Hain zuzen ere, sakelako telefonoaren erabiltzailearen adina, sexua, kokalekua, bisitatutako webguneak, lagunen zerrendak eta beste hainbat datu jasotzen omen dituzte espioitza zerbitzu estatubatuar eta britainiarrek.
Bestalde, 'Google Maps' izeneko aplikaziora ere asko jotzen omen dute, egindako kontsultak jasotzea oso erraza omen delako, eta horri esker, telefonoaren jabea uneoro non dagoen jakin dezaketelako.
NSAk uko egin dio informazio horren inguruan egindako galderei erantzuteari, eta GCHQ zerbitzuek erantzun dute legedia errespetatzen dutela eta "neurrizko" jarduerak egiten dituztela.
Duela hamar egun, Barack Obama AEBetako presidenteak iragarri zuen bertan behera geratzen zela NSAren sakelako telefonoetako informazioa zelatatzeko egitasmoa, eta agintariak ez zituela gehiago zelatatuko.