Mundua -
Hirugarren urteurrena
50.000 japoniar etxetik kanpo daude oraindik Fukushima aldean
Hiru urte bete dira gaur Japonian tsunamia eta Fukushiman istripu nuklearra izan zenetik. 18.000 pertsona hil ziren 2011ko martxoaren 11n izan zen ezbehar larri horren ondorioz.
Erredakzioa
Hiru urte bete dira gaur Japonian tsunamia eta Fukushiman istripu nuklearra izan zenetik. 18.000 pertsona hil ziren 2011ko martxoaren 11n izan zen ezbehar larri horren ondorioz.
Egun horretako tsunamiak istripu nuklear larria eragin zuen, eta gaur egun oraindik ez dago argi zenbaterainokoak izan ziren ondorioak.
Hori bai, 50.000 lagun etxetik kanpo daude oraindik, garbiketa lanetara bideratutako gastu publikoa erraldoia da eta zentralean 135 igerileku olinpikotan sartuko litzatekeen ur erradiaktiboa pilatu da dagoeneko.
Richter eskalan 9 gradura iritsi zen lurrikara batek astindu zuen Japonia duela hiru urte, Euskal Herrian 06:45 zirenean. Haren ondotik etorri ziren tsunamiak eta zentral nuklearreko istripuak ia 18.000 lagunen heriotza eragin zuten, datu ofizialen arabera.
Horrez gain, beste 2.600 pertsona desagertu ziren Japonia ipar-ekialdean, ezbeharraren ondorioz. Txernobyl hirian (Ukraina) izan zenarekin batera, historian izan den istripu nuklearrik larriena izan da Fukushimakoa.
Ordutik geldirik izan dituzte Japonian erreaktore nuklear guztiak (guztira, 48), baina hirugarren urteurrenaren bezperan, Shinzo Abe lehen ministroak iragarri zuen laster martxan jarriko dituztela erreaktore nuklearrak, segurtasun neurri berriak betetzen hasten diren neurrian.
Gaur, Japonia osoan ezbeharra gogoratu eta biktimak omendu dituzte. Lurrikara izan zen orduan, minutu bateko isilunea egin dute japoniarrek eta larrialdietan erabiltzen dituzten alarmak entzun dira, biktimak gogoratzeko.
Gauean ere hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta Fukushimako hirian, zentral nuklearretik 60 kilometrora, "Itxaropenaren Argia" deitutako ekitaldia egingo dute: hiriaren zazpi tokitan kandelak piztuko dituzte gaur gauean.