Mundua -
Interneteko lege berria
Turkiar agintariek Twitter blokeatu dute
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroaren mehatxuen ostean, Komunikazioaren Teknologiarako Erakundeak mikrobloga blokeatzeko agindua eman du.
Erredakzioa
Turkiar agintariek herritarren Twitterrerako sarbidea blokeatu dute, Recep Tayyip Erdoganek, Turkiako lehen ministroak, Twitter eta antzeko sare sozialak "debekatzeko" mehatxua egin ostean.
Indarrean sartu den Interneteko lege berriari esker, Komunikazioaren Teknologiarako Erakundeak (BKT) Twitter blokeatzeko boterea eskuratu du. Erakundeak adierazi duenez, mikrobloga Turkian debekatu egin da, erabiltzaile batzuek euren intimitatea urratu zela salatu eta gero, Twitterrek auzitegien erabakiak bete ez dituelako.
Turkiako lehen ministroak ostegunean Bursan egindako agerraldian, Twitter kritikatu eta barregarri utzi zuen. "Guztiekin bukatuko dugu", adierazi zuen. Handik ordu batzuetara, ostegun gauean, turkiar agintariek Twitter blokeatu zuten.
Mehatxu gehiago
Duela bi aste, Gobernuak Facebook eta Youtube debekatuko zituela adierazi zuen Erdoganek, lehen ministroaren etsai politikoek ustelkeria kasuetan horren ustezko esku-hartzea frogatzen zuen grabazioak argitaratu ostean orrialde horietan.