Mundua -
Tiroketa Turkian
23 pertsona zauritu dira Turkian ezkontza batean izandako tiroketan
Liskarra bi familiek festa girotzera joan ziren musikariei kantu desberdinak eskatu ondoren hasi zen.
Turkian ezkontza bateko ezkonberrien senideen artean musikaren harian piztutako liskar batek 23 pertsona balaz zauritu (tartean, hiru polizia) eta 40 atxilotzea eragin zuen, bertako hedabideek zabaldutako datuen arabera.
Zaurituak ospitalera eraman zituzten, baina horietako bat ere ez dago arriskuan.
Bi familiek ezkondu osteko festa girotzera joan ziren musikariei abesti ezberdinak eskatu eta gero hasi zen ezkonberrien senideen arteko liskarra.
Eztabaidak borroka jendetsua eta tiroketa ekarri zituen, eta Poliziak parte hartu behar izan zuen giroa baretzeko. Liskar horren ondorioz, 23 pertsona zauritu ziren eta 40 atxilotu zituzten, baina, agintariek zabaldu dutenez, borrokan parte hartu ostean ihes egin zuten beste senide batzuen bila dabil Polizia.
Poliziaren ekintza berezietarako kideak bidali behar izan zituzten tiroketa geldiarazteko, guztira ehun tiro inguru egin baitituzten bertan.
Poliziak pistola automatikoak eta ehizarako eskopetak atzeman zituen, ezteietako oturuntza egiteko atondu zuten gune zabalean.
Turkiako landa-eremu batzuetan oso ohikoa da ezkontzetan airera tiro egitea, poztasuna agertzeko, eta ohitura hori ez da galdu, Gobernuak horren arriskuaz ohartarazteko kanpainak egin baditu ere.