Mundua -
Krisia Ukrainan
Errusiak Genevako bileran parte hartuko du ostegun honetan
"Aurretiazko baldintzarik gabe bilera hori prestatzen ari gara", ziurtatu du Grigori Karasin Errusiako Atzerri ministrordeak.
Erredakzioa
Genevako bileran (Ukraina, AEB, Europar Batasuna eta Errusia), ostegun honetan, parte hartuko duela ziurtatu du gaur Errusiak. Datozen orduetan Ukrainako hego-ekialdean gertakari "lazgarririk" jasotzen ez bada bileran parte hartuko duela azaldu du Errusiak.
"Aurretiazko baldintzarik gabe bilera hori prestatzen ari gara", ziurtatu du Grigori Karasin Errusiako Atzerri ministrordeak RIA-Novosti albiste-agentzia ofizialean.
Moskuk Genevara ordezkaritza bat bidaliko duela azpimarratu du Karasinek, "arratsaldean edo gauean Ukrainako hego-ekialdean zerbait benetan lazgarria gertatzen ez bada".
Hasiera batean EB eta AEB kritikatu ditu Errusiak, bilera aurretiazko akordiorik gabe deitzeagatik.
Bestalde, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak asteazken honetan jakinarazi duenez, Europa ekialdeko herrialdeetan babesa indartuko du "airez, lurrez eta itsasoz", hain zuzen ere, Ukrainako krisiaren aurrean Aliantzako herrialdeak babesteko.
"Hegazkin gehiago egongo dira zeruan, itsasontzi gehiago itsasoan eta bitarteko gehiago lurrean", adierazi du Rasmussenek kazetarien aurrean. Halaber, Ukrainako krisiari aurre egiteko "bide bakarra" politikoa dela nabarmendu du.
Bandera errusiarreko sei ibilgailu militar Sloviansk hirian sartu dira
Bandera errusiarra daramaten sei ibilgailu blindatu Ukrainako Sloviansk hirian sartu dira, Reuters albiste agentziak zabaldu duenez. Sloviansk herrialdearen ekialdean dago, eta egunotan istiluak izaten ari dira bertan Errusiaren aldekoen eta ukrainazaleen artean.
Reuters agentziak galdetutako lekukoen arabera, sei ibilgailu sartu dira hirian, eta 15 bat militar zihoazen barruan. Horien esanetan, ez dute identifikaziorik eta uniforme ezberdinak dituzte. Hirian barrena ibili ostean, udaletxearen aurrean gelditu dira; Errusiaren aldekoek kontrolpean duten eraikinetako baten aurrean, hain zuzen ere.
Ukrainako Defentsa Ministerioak berretsi egin du Ukrainako Armadaren blindatutako sei ibilgailuak Errusiaren aldeko manifestarien eta aktibisten eskuetan izatera pasatu direl
Errusiazaleek Donetsk hiriko udaletxearen kontrola hartu dute
Armatutako 20 pertsonak Ukraina ekialdeko Donetsk hiriko udaletxearen kontrola hartu dute, Udaleko bozeramaileak baieztatu duenez. Horren esanetan, errusiazaleek oraingoz ez dute inolako eskaririk egin.
Bandera ukrainarra daramaten ibilgailu blindatuak Ukrainako Kramatorsk hirian sartu dira
Ukrainako bandera zeramaten hainbat ibilgailu militar herrialdearen ekialdeko Kramatorsk hirian sartu dira asteazken goizean. Interfac Ucrania albiste agentziak azaldu duenez, errusiazaleek presentzia handia dute hirian.
Kramatorks News egunkariak blindatuen inguruko irudiak zabaldu ditu, eta Infanteria Arineko ibilgailuak direla nabarmendu du. Halaber, zenbait herritar blindatuei bidea oztopatzen aritu omen dira.
Terrorismoa Ukrainara esportatzea egotzi dio Ukrainak Errusiari
Arseni Yatseniuk Ukrainako lehen ministroak terrorismoa Ukrainara esportatzea egotzi dio Errusiari.
"Errusiako Gobernuak segituan geldiarazi behar ditu distrazioaz arduratzen ari diren Inteligentziako taldeak, terroristak epaitu behar ditu eta eraikinak huts ditzatela eskatu", gaineratu du.
Vladimir Putin: "Ukraina gerra zibilaren atarian dago"
Ukraina gerra zibilaren atarian dagoela ohartarazi dio Vladimir Putin Errusiako presidenteak Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari, Ukrainako Gobernuak herrialdearen ekialdean operazio militar bat abiarazi eta gero.
Errusiako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, Ukrainako egoeraz eta bertako Gobernuak ekialdeko protestak bertan behera uzteko indarra erabiltzeko egindako hautuaz hitz egin dute Putinek eta Merkelek.
Putinen arabera, gatazkak azken egunotan izan duen bilakaera ikusita, "Ukraina gerra zibilaren atarian dago".
Ostegunean Errusia, Ukraina, AEBko eta Europar Batasuneko ordezkariek bilera egingo dute Genevan, eta aipaturiko batzarrak Ukrainako gatazka bakebidean jartzea espero dute Errusiak eta Alemaniak.
Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak nazioarteko komunitateari Kieveko agintarien aldetik Ukraina ekialdean indarraren erabilera gaitzestea eskatu dio, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiarekin telefonoz izandako hizketaldi batean.
Ban Ki-moonek NBEn tropak Ukrainara bidaltzea baztertu du
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak baztertu egin du NBEren tropak Ukrainara bidaltzea, bide hori "une honetan" ez litzatekeela baliagarria argudiatuta. Halaber, Ukrainara soldaduak bidaltzeko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren onespena beharrezkoa dela nabarmendu du.
Ukrainako krisiak lurraldean ez ezik mundu mailan ere ondorioak dituela adierazi du Ban Ki-moonek. "Nazio Batuen Erakundeko Gutuneko oinarrizko printzipioekin zerikusia du. Lurralde batasuna eta subiranotasuna errespetatu egin behar dira, eta horiei ez zaie eraso egin behar. Hori da nazioarteko komunitateari eskatzen ari natzaiona, bereziki, gatazkan nahastutako aldeei".
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko soldaduak Ukrainara bidaltzeko Segurtasun Kontseiluaren onespena beharrezkoa dela adierazi du: "Segurtasun Kontseiluaren agindurik eta baimenik gabe ezin dut inolako erabakirik hartu". Errusia Segurtasun Kontseiluko kide da, eta betoa jartzeko aukera dauka bertan.
Operazio militarra Ukraina ekialdean
Ukrainako Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez, Indar Armatuak "operazio berezia" egiten ari dira Kramatorks hirian, errusiarren aldeko aktibisten presentzia handia baitago bertan.
Hainbat pertsona hil dira astearte honetan, ukrainarren eta Errusiaren aldeko milizien artean izandako borrokaldietan, Kramatorsk hiriko aerodromoan, Donetsken.
"Bai, hildakoak daude", baieztatu dio Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaile batek UNN agentziari.
Kramatorskeko aerodromoa berreskuratu dute
Bestalde, Oleksandr Turtxynov Ukraniako behin-behineko presidenteak iragarri duenez, Ukrainako indarrek Kramatorskeko aerodromoaren kontrola berreskuratzea lortu dute, Errusiaren aldeko aktibistek hartu ostean, Interxak agentziaren arabera.
Hainbat tiroketa izan ostean, Ukrainako soldatuak aerodromoan sartu direla eta horren kontrola bere gain hartu dutela jakinarazi dute hainbat komunikabidek. Erasoan lau pertsona hil direla azaldu du Errusiako prentsak, baina ez dago Ukrainako Gobernuaren baieztapen ofizialik.
Terrorismoaren aurkako operazioa, Slaviansken ere
Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak Sloviansk hirian, herrialdearen ekialdean, terrorismoaren aurkako beste operazio bat abiatu dutela baieztatu du.
Halaber, Ukrainako Armadako hogei bat ibilgailu blindatuk osatutako konboi bat eta 500 soldadu sartu dira astearte hoentan hiri horretan, Itar-Tass eta Interfax Errusiako agentziek jakitera eman dutenez.