Mundua -

Genevako akordioaren ondoren

Ukraina ekialdetik armada ateratzeko eskatu dio Janukovitxek Kievi

Bien bitartean, Joe Biden AEBko presidenteordea Ukrainara heldu da, Genevan adostutakoei bultzada emateko asmoz.

Ukraina ekialdetik ejerzitoa ateratzeko eskatu dio Janukovitxek Kievi. Argazkia: EFE
Ukraina EFE
Postu batean izandako tiroketak kinka larrian utzi du Pazkoko su-etena

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Viktor Janukovitxek Armada eta Guardia Nazionala Ukraina ekialdetik ahalik eta lasterren ateratzeko eskaera egin dio Kieveko Gobernuari. Era berean, errusiazaleekin elkarrizketak hasteko deia egin dio.

Hau da Janukovitxek Kieveko buruzagiei egin dien lehen eskaera, elkarrizketa baketsu bat hasteko zain.

“Odol gehiago isurtzen ari zarete. Odola ez da ezabatzen. Gelditu! Jendea minduta dago. Milioika laguni terrorista deitu diezue, eta euren eskubideak defendatu besterik ez dute egin”, esan du Janukovitxek.

Ukrainaren federalismoaren eta eskumenen inguruan eskualde bakoitzak galdeketa egiteko eskubidea izan behar duela azpimarratu du Ukrainako presidente ohiak.

Joe Biden Ukrainara heldu da

Joe Biden AEBko presidenteordea Ukrainara heldu den egunean egin ditu adierazpen horiek Janukovitxek. Genevan adostutakoei bultzada emateko asmoz joan da Biden Ukrainara.

Joe Biden EFE

Joe Biden EFE

Aleksandr Turtxinovekin eta Arseni Jatseniuken bilduko da asteartean Biden, eta herrialdeak bizi duen egoera izango dute aztergai.

Konstituzioaren erreforman eta administrazioaren deszentralizazioan emandako pausoak ere aztertuko dituzte, baita Ukrainako ekonomiaren berregituraketa ere.

AEBko Estatu Departamentuak gaur bertan ohartarazi dio Moskuri, Genevako akordioak bete ezean, ondorioak izango direla.

Errusiazaleak armak uztera bultzatzeko konpromisoa hartu du Errusiak, baita herrialdearen ekialdeko erakunde publikoetatik milizianoak ateratzeko konpromisoa ere. Ez da, ordea, horrelakorik izan.

Kievek Genevako akordioak ez dituela bete dio Lavrovek

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur adierazi duenez, “Kieveko Gobernuak ez ditu Genevako akordioak bete”.

“Akordioa ez betetzeaz gain, boterean daudenek behin eta berriz urratzen dituzte horiek”, adierazi du.

“Kieveko Gobernuak behin eta berriz esan du  errusiazaleek ez dituztela erakunde publikoak utzi, baina Ukrainako agintariek ez dute ezer egin krisi honen arrazoiak konpontzeko”, amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Ukraina azken orduko Ameriketako Estatu Batuak bideoak Errusia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Joe Biden