Mundua -
Sewol bukearen tragedia gogoan
Hego Korea, zauria ezin sendatuz: 170 zauritu tren istripu batean
Seulgo metroan jazotako istripu batek hegokorearrak hunkitu ditu berriz, Sewol bukearen ezbeharrean hildako 302 pertsonak oraindik ere denen gogoan daudela.
Erredakzioa
Gutxienez 170 pertsona zauritu dira ostiral honetan Seulgo metroan (Hego Korea), bi trenek elkar jota, bertako agintariek jakinarazi dutenez. Badirudi ez dela inor hil.
Ezbeharra 15:32an jazo da (08:32, Euskal Herrian). Ordu horretan, tren batek talka egin du Sang-wangsimni geltokian geldirik zegoen beste baten aurka, antza denez akats mekaniko baten ondorioz, Yonhap agentzia hegokorearrak jakinarazi duenez.
Metro linea hau Seulgo jendetsuenetakoa da, eta hiriburuaren geltoki garrantzitsuenak zeharkatzen ditu, udaletxearena, Jamsik estadio olinpiarrarena eta Gangnam auzo ospetsuarena, kasu.
Tren istripua une latzean etorri da. Izan ere, herrialdea hunkituta dago oraindik apirilaren 16an hondoratu zen Sewol bukearen tragedia dela eta. 302 pertsona hil ziren istripu horretan, gehienak nerabeak.
Ferry istripu horrek kritika ugari ekarri ditu, garraio sistemetako segurtasun neurriak eskasak direla uste baitute herritarrek.