Mundua -

Ipar Irlanda

Laugarren egunez galdekatuko dute Gerry Adams, eta baliteke aske uztea

Poliziak Adams galdekatzen jarraitzeko baimena lortu zuen ostiralean, baina epea gaur arratsaldean amaituko da, 19:00etan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerry Adams Sinn Feineko buruzagia laugarren egunez galdekatuko dute gaur, 1972. urtean IRAk hildako emakume baten hilketa egotzita.

Poliziak Adams galdekatzen jarraitzeko baimena lortu zuen ostiralean, baina epea gaur arratsaldean amaituko da, 19:00etan. Hortik aurrera, baliteke Adams aske geratzea, edo Poliziak berriro epea luzatzeko baimena eskatzea.

Gerry Adams asteazkenean atxilotu zuten, 1972an IRAren esku hildako emakume katoliko baten hilketa egotzita.

Iragan hilabetean, Adams prest agertu zen Ipar Irlandako Poliziarekin hitz egiteko duela 40 urte Irlandako Armada Errepublikanoak (IRA) egindako hilketa hari buruz hitz egiteko. Hala ere, argi utzi zuen berak ez zuela loturarik hilketarekin.

Adams bere borondatez azaldu zen asteazkenean Antrim konderriko komisarian, eta atxilotu egin zuten.

Martin McGuiness Sinn Fein alderdiko bigarrenak salatu du Gerry Adamsen atxiloketa erabaki politiko baten ondorio dela, Europako hauteskundeetako kanpainaren aurrean egin dutelako.

Sinn Fein: "Atxiloketa politikoa da"

"Ipar Irlandako Poliziak atxiloketa une honetan egitea erabaki politikoa izan dela eta Gerry Adamsen eta Sinn Feinen irudiari kalte egitea helburua duela uste dut", nabarmendu zuen McGuinessek agiri batean.

McGuinessek esan zuen Gerry Adams atxilotzeko erabakiak bultzada politikoa izan zuela. "Poliziak atxiloaldia luzatzekoa eskaria egin izanak erabat baieztatzen du uste hori", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea