Mundua -
Estatu-kolpea
Thailandiako junta militarrak erregearen oniritzia jaso du
Hauteskunde orokorrak ahalik eta lasterren deituko dituztela ziurtatu du Prayuth Chan-ocha Armadako buruzagiak, baina datarik ez du zehaztu. Herrialdeak lasaitasuna berreskuratu behar duela esan du.
Erredakzioa
Bhumibol Adulyadej erregeak Thailandiako junta militarrari Gobernua hartzeko oniritzia eman dio gaur. Militarrek estatu-kolpea eman eta boterea hartu zuten. Bakea eta ordena berrezartzeko egin zutela argudiatu dute militarrek.
Prayuth Chan-ocha jeneralak, Armadako buruzagiak, agerraldia egin du beste jeneral batzuekin. Ateak itxita egindako zeremonia batean, Bakea eta Ordenaren Batzorde Nazionaleko buruzagi bezala formalki baieztatu dute. Hau da, erregimen berriko agintari izendatu dute.
Armadaren esku-hartzea defendatu du Chan-ochak agerraldian. Gobernuaren aurkako protestek ia zazpi hilabete iraun zuten, eta 28 pertsona hil eta 800 bat zauritu ziren liskarretan. Gobernuko jarraitzaileen eta oposizioaren arteko istiluen arriskua handia zela ohartarazi du jeneralak.
Hauteskundeak
Estatu-kolpearen ostean emandako lehen prentsaurrekoan, hauteskunde orokorrak ahalik eta lasterren deituko dituztela ziurtatu du juntako buruzagiak, baina datarik ez du zehaztu. Herrialdeak lasaitasuna berreskuratu behar duela erantsi du.
Gainera, estatu-kolpea eman eta gero ezarritako neurriak laster kenduko dituztela iragarri du. Hala ere, etxeratzeko agindua oraindik beharrezkoa dela azaldu du buruzagi militarrak.
Azken egunetan, Senatua desegin eta Poliziako goi-kargudunak garbitu eta gero, indarra hartu du junta militarrak. Bestalde, erreforma politikoak eta ekonomikoak bultzatzeko borondatea agertu du.