Mundua -
Hitzaldia West Point akademian
Gerra berriak hasteko arriskuaren aurrean eustea eskatu du Obamak
Barack Obamaren hitzetan, AEB "gerra garai luze" bat atzean uzten ari dira eta "gutxitan izan dira munduarekiko hain indartsuak".
Erredakzioa
Edozein gatazkaren aurrean eustea aldarrikatu du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Esku-hartze militarraren aukera azkena izatea eskatu du agintariak. Buruzagiaren esanetan, AEBek hanka-sartze handiak egin dituzte gerran arinegi sartzeagatik.
AEBetako agintariak atzerri politikari buruzko hitzaldia eman du West Point akademia militarrean. Obamaren hitzetan, AEB "gerra garai luze" bat atzean uzten ari dira eta "gutxitan izan dira munduarekiko hain indartsuak".
Afganistanetik tropak atera behar dituela iragarri zuen asteartean. Era berean, Iraken gerra bukatu dela gogorarazi du buruzagiak. Gatazka horien ostean AEBen tokia bestelakoa dela goraipatu du.
Ukrainako krisia
Ukrainaren egoera dela eta AEBen eta Errusiaren arteko tentsioak gora egin duela onartu du Obamak, baina Gerra Hotzera itzultzeko arrazoirik ez dagoela ziurtatu du. Agintariaren ahotan, ez da bi blokeen arteko liskarra, Errusia gaur "bakarrik" geratu delako.
"Errusiak Ukrainan aurrera eraman dituen azken ekintzek tanke sobietarrak Europako ekialdean sartu ziren garaia burura dakarkigu, baina hau ez da Gerra Hotza", esan du.
Obamak Etxe Zuria utzi du West Point akademiara abiatzeko. Argazkia: EFE
Siriako gatazka
Bestalde, Siriako oposizioari gehiago lagunduko diola agindu du AEBetako presidenteak. "Terrorismoaren eta diktadore basatiaren aurrean alternatiba den Siriako oposizioari laguntzeko" Kongresuarekin lan egingo duela ziurtatu du Obamak.
AEBetako tropak "gerra zibil sektariora" ez bidaltzeko erabakia defendatu du gobernatzaileak.
Gidaririk gabeko hegazkinak eta terrorismoa
Terrorismoa herrialdearen "mehatxurik handiena" dela azaldu du Obamak. Horregatik, terrorismoari aurre egiteko 5.000 milioi dolarreko funtsa sortuko dutela iragarri du buruzagiak.
Azkenik, "babesteko beharrezkoa denean" bere Gobernuak gidaririk gabeko hegazkinak erabiltzen jarraituko duela adierazi du Obamak, baina Exekutiboak gardenago jokatu behar duela erantsi du. "Propaganda terrorista eta nazioartearen errezeluak" murrizteko gardentasun handiagoa beharrezkoa dela uste du.
Obama West Point akademia militarrean. Argazkia: EFE