Mundua -
Palestina
Batasun Gobernuak bihar egingo du karguaren zina, Al Fatahen arabera
Hamasek, berriz, Gobernuaren aurkezpen data jakitea ukatu du, eta oraindik hainbat desadostasun dituztela adierazi du.
Erredakzioa
Azam el-Ahmad Al Fataheko buruzagiak al-Ray webgunean iragarri duenez, Al Fatahen eta Hamasen artean adostutako Palestinako batasun gobernuak astelehenean egingo du karguaren zina Zisjordaniako Ramala hirian.
Hala ere, Hamaseko kideek Gobernuaren aurkezpen data jakitea ukatu dute, eta oraindik hainbat desadostasun dituztela adierazi dute.
"Gobernua bihar aurkeztuko dela egindako iragarpena aldebakarrekoa da, oraindik ere jorratu beharreko hainbat desadostasun baitaude", gaineratu du Abu Zuhri Hamaseko kideak.
Azken asteetan batasun gobernua osatzeko negoziatzen aritu dira Al Fatah eta Hamas, eta, azkenean gauzatzen bada, datorren urteko hauteskundeak arteko zilegitasuna izango du.
Al Fatahen arabera, batasun gobernuko ministroek 13:00etan (10:00 GMT) egingo dute karguaren zina Ramalan. Oraindik ez dute argitu Gazako zerrendan bizi diren ministroek Zisjordaniara joaterik izango duten; izan ere, baimen berezia behar da horretarako. Hala ez bada, bideokonferentziaz egingo dute karguaren zina.
Behin batasun gobernua eratutakoan, hauteskunde deialdia egingo dute.