Mundua -
Indarkeria Iraken
Jihadistek unibertsitatea utzi eta armadari egin diote aurre
Ordu batzuk lehenago, ehunka ikasle eta irakasle bahituta izan dituzte, bi lehergailu leherrarazi eta eraikinera sartu ostean.
Erredakzioa
Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa talde jihadistako kideek ordu batzuk lehenago hartu duten Ramadiko unibertsitatea utzi dute, eta inguruabarretan ejertzitoarekin armadarekin borrokan hasi dira, segurtasun iturriek adierazi dutenez.
Momentuz ez dago argi erasotzaileen aurkako operazio militarrek zenbat biktima eragin dituzten.
Helikopteroen laguntzaz, unibertsitatea inguratu dute segurtasun indarrek, eta eraikinaren inguruko kaleetan jihadistak atzeman nahian dabiltza orain.
Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa talde jihadistako dozenaka kidek Irakeko Al Anbar probintziako Ramadiko unibertsitateari eraso diote gaur, eta ehunka irakasle eta ikasle izan dituzte bahituta.
Iturrien arabera, erasotzaileek bi lehergailuren eztanda eragin dute, eta eraikineko segurtasun zaindariei aurre egin ostean sartu dira unibertsitatera.
Irakeko Armada eta Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa talde jihadistako kideak urte hasieratik dabiltza borrokan Al Anbar probintzian, eta bi aldeek tribu sunnitetako borrokalarien babesa izaten dute. Ia milioi erdi pertsonak egin izan behar dute ihes etxetik, indarkeria aldia dela eta.
Pasatu den ostegunetik, talde jihadistak Salahedin, Ninive eta Diyala probintzietara hedatu du indarra, eta ehunka biktima eragin ditu. Mosulen, ostiraleko erasoen ondorioz hildako 21 poliziaren gorpuak aurkitu dituzte gaur segurtasun indarrek; guztira, 60 biktima baino gehiago izan dira Mosulen, borroka hori dela eta.