Mundua -
Ugandako Atzerri ministroa
Sam Kutesa NBEren Batzar Nagusiko presidente izendatu dute
Homosexualen aurkako legeak onartu ditu Kutesak Ugandan, eta horregatik izendapen polemikoa izan da. Afrikako herrialdeen oniritzia zuen Kutesak.
Erredakzioa
Sam Kutesa Ugandako Atzerri ministroa NBEren Batzar Nagusiko presidente izendatu dute gaur. Izendapen polemikoa izan da; izan ere, homosexualen aurkako legeak onartu ditu Kutesak Ugandan.
Kutesak urtebete emango du karguan. Ugandako ministroa aho batez aukeratu dute. Afrikako herrialdeek babesa eman diote. Aurten hautagaia Afrikako estatuek proposatu behar zuten.
Hala ere, gobernuz kanpoko erakundeek, herritarrek eta politikari batzuek erabakia gogor kritikatu dute. Ugandako ministroak NBE ordezkatu beharko ez lukeela uste dute, aurten Ugandan homosexualen aurkako legeak onartu dituelako.
"Sam Kutesak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren baloreekin duen konpromisoa zalantzan jarri dezakegu", adierazi du gaur Maria Burnett Human Rights Watch erakundeko adituak.
Batzar Nagusiko presidentea protokolozko kargua da eta normalean urtero txandakatu egiten dute. Oraingoan Afrikaren txanda zen.