Mundua -
Giza eskubideak
NBEk Ipar Koreako gizateriaren aurkako krimenak salatu ditu
Ipar Korean giza eskubideen urraketa "sistematiko eta masiboa" dela erakusten duten zantzuak jasota, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak txostena egin eta nazioarteko auzitegi batek epaitzeko eskatu du.
Erredakzioa
Giza eskubideen urraketa "sistematiko eta masiboa" dela erakusten duten zantzuak jaso ditu Nazio Batuen Erakundeak, eta NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak txostena egin eta nazioarteko auzitegi batek epaitzeko eskatu du, gizateriaren aurkako krimenak direla iritzita. Auzia Nazioarteko Zigor Auzitegian aurkezteko froga nahikoak jasotzen ditu txostenak, Giza Eskubideen Kontseiluaren ustez.
"Mahai gainean froga horiek edukita, kasua Hagako auzitegira eramateko deia egiten diogu nazioarteari", adierazi du Michael Kirby Ikerketa Batzordeko presidenteak txostenaren aurkezpenean.
"Sarraskiak, hilketak, esklabotza, desagerpenak, exekuzioak, torturak, sexu-indarkeria, behartutako abortuak, janari eskasia, lekualdatze behartuak, jazarpen politiko eta erlijiosoa...", aipatu ditu Kirbyk prentsaurrekoan.
Txostenaren arabera, 80.000-120.000 preso politiko lau atxiloketa esparru handitan atxikita ditu Ipar Koreako erregimenak. Kontrol eta zigor metodo bezala gosea erabiltzen dute; izan ere, elikagairik gabe dituzte.
1996tik 2000ra 600.000-1.000.000 pertsona gosez hil ziren Ipar Korean.