Mundua -

Thailandia

Thailandiako Armadak etxeratze agindua altxatu du herrialde osoan

Ejertzitoko buruak denbora eskatu du herrialdearen arazoak gainditzeko. Bestalde, militarrek estatu kolpea "demokrazia defendatzeko beharrezkoa" dela azpimarratu dute.

Estatu kolpea Tailandian
Estatu kolpea Tailandian
Estatu kolpea Tailandian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Thailandia gidatzen duen Armadak etxeratze agindua altxatu du gaur herrialde osoan, Ejertzitoak maiatzaren 22an, Estatu kolpe baten ondorioz, boterea lortu eta agindua inposatu ostean.

"Egoerak hobera egin eta indarkeria eragin dezaken gertakaririk egon ez denez, turismoa hobetu asmoz, etxeratze agindua altxatu dugu martxan zegoen probintzia guztietan", azaldu du Bakearen eta Ordenaren Kontseilu Nazionalak (Armadak, alegia) adierazpen batean.

Ejertzitoko buru den Prayuth Chan-ocha jeneralak hiritarrei astero ematen dien hitzaldiaren ostean iritsi da berria. Prayuthek, gainera, militarrak etxeratze agindua altxatzea pentsatzen ari zirela adierazi die hitzaldian thailandiarrei.

Gauerditik goizaldeko laurak arte kalean egoteko debekua hogei bat probintziatan altxatu zuten aurrerago, baina herrialdearen zati handi batean martxan zegoen oraindik, Bangkok hiriburuan barne.

Armadak debekuak arintzen hastea erabaki zuen duela aste bat baino gehiago, enpresarien kexak zirela medio; izan ere, herrialdearen BPGaren % 7,3a turismotik dator, eta sektore horri kalte handia eragin dio etxeratze aginduak.

Prayuthek "denbora gehiago" eskatu zien thailandiarrei, herrialdeak dituen arazoak gainditzeko beharrezkoak diren erreformak egin ahal izateko.

Generalak adierazi zuenez, iraila baino lehen asanblada legegilea sortuko da, eta urrirako osatuta izango da etorkizuneko Kabinetea, erreforma politiko, ekonomiko eta sozialak abian jarriko dituena Thailandian.

Militarrek aurreikusitako hiru fasetan azaldu zuen plana. Lehenengo hiru hilabete "adiskidetzeko" eta behin-behineko konstituzio bat sortzeko izango dira eta, horren ostean, gutxienez urtebeteko epea egongo da erreforma politikoak egin eta hauteskundeak deitzeko.

Estatu kolpea, "beharrezkoa"

Militarren ustez, estatu kolpea "beharrezkoa" da demokrazia ustelkeriatik eta Gobernuaren diktadura parlamentariotik "defendatzeko".

Oraindik hauteskundeetarako datarik finkatu ez badute ere, militarren planak bat datoz urrian hasi eta sei hilabetez Gobernua hartu zuten manifestarien eskaerekin. Kaleko protesta haien ondorioz, 28 pertsona hil ziren.

Manifestariek buruzagi burokratikoen eta Bangkokeko monarkiaren babesa dute, eta sistema politikoaren erreforma eskatzen dute. Haien ustez, egungo sistema 2006ko kolpe militarrean kendu zuten Thaksin Shinawatra lehen ministro ohiaren esanetara dago.

Thaksinek eta haren alderdi politikoek 2001az geroztik izandako hauteskunde guztiak irabazi dituzte, herrialdearen iparraldeko nekazariei eta Bangkokeko herritar txiroen botoei esker, horiek Thaksinen politika populistez probesten baitira.

Thailandiako militarrak 19 aldiz saiatu dira Estatu kolpea ematen; horietatik hamabik izan dute arrakasta, 1932an monarkia absolutua amaitu zenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Asia Bangkok gaur