Mundua -

Ukraina

Ukrainak indarkeriaren amaierari atea ireki dio hego-ekialdean

Bestalde, talde errusiazale armatuak zibilen kontrako erasoak egiten ari dira Ukraina ekialdean, Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez.

Errusiazale talde armatuak zibilen kontrako erasoak egiten ari direla salatu du NBEk. EFE
Errusiazale talde armatuak zibilen kontrako erasoak egiten ari direla salatu du NBEk. EFE
Errusiazale talde armatuak zibilen kontrako erasoak egiten ari direla salatu du NBEk. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Petro Poroshenko Ukrainako presidenteak aldebakarreko su-etena deklaratuko duela iragarri du asteazken honetan, eta errusiazaleen aurkako borroka armatua behin-behinean gelditu egingo da Ukraina hego-ekialdean.

Presidenteak iragarpen horrekin Ukrainako Radak (Parlamentuak) Donetsken eta Lugansken gerra-legea deklaratzeko estatuburuaren eskaera bozkatu behar zuen gaur.

Bakerako aukera berri bat emateko proposamena Poroshenkok Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz izandako hizketaldi baten ostean iritsi da. Bi agintarien arteko lehen elkarrizketa izan da, mendebaldeko liderren bitartekotzarik gabe.

Talde errusiazaleek zibilak torturatzen dituztela salatu du NBEk

Talde errusiazale armatuak zibilen kontrako erasoak egiten ari dira Ukraina ekialdean, Nazio Batuen Erakundeak asteazken honetan salatu duenez. Orain arte, errusiazaleek aktibistak, politikariak eta kazetariak zituzten jomugan eta horiek torturatzen, bahitzen eta hiltzen zituzten, baina orain zibilei ere eraso egiten diete, NBEren arabera.

"Giza eskubideen kontrako krimenek ez diete kazetariei, hautetsiei, funtzionarioei edo aktibistei soilik eragiten. Gaur egun, talde armatuek zibilak bahitzen, torturatzen eta hiltzen dituzte Ukraina ekialdeko lurraldeetan", salatu du Nazio Batuen Erakundeak.

Hala dio Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen bulegoak Ukrainari buruz egin duen hirugarren txostenak. NBEk 34 behatzailez osatutako talde bat dauka Ukraina ekialdean, eta talde horren esanetan "eskualdean intimidazioa eta beldurra dira nagusi".

Gutxienez 356 pertsona hil dira Ukraina ekialdean, NBEren arabera

Gutxienez 356 pertsona hil dira gatazka hasi zenetik Ukraina ekialdean, Nazio Batuen Erakundeko behatzaileek egindako kontaketaren arabera.

2014ko apirilaren 11 eta ekainare 14a bitartean hildakoak dira guztiak ere. Ukrainako Osasun Ministerioak 257 hildako zenbatu ditu, horietatik 14 haurrak, eta horiei Mariupolen hildako 11 lagunak, Donbasen zendutako biak eta 86 militari gehitu behar zaizkie. Hildako militar horien artean daude errusiazaleek botatako hegazkinean zihoazen soldaduak ere. Nazio Batuen Erakundeak ez du argitu hildako horien artetik zenbat diren errusiazaleak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ukraina gaur Errusia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa