Mundua -
Irak
Matxino sunitek beste hiru herri hartu dituzte Al Anbar feudoan
Bestalde, 42 soldadu hil dituzte eta 13 ibilgailu suntsitu, Tikrit Saladinoko hiriburuaren inguruan egindako operazioetan.
Erredakzioa
Matxino sunitek, ISIS Irak eta Sortaldeko Estatu Islamikoen taldea buru dutela, Al Anbar Iraken duten feudoko beste hiru herri kontrolpean hartu dituzte azken orduetan.
Qasem Ata Irakeko Armadaren bozeramaileak prentsaurrekoan onartu du tropek Raua, Al Qaem eta Aana herrietatik atera behar izan dutela.
Atak azaldu duenez, atzera-egite taktikoa izan da, "gune sendoetan dauden unitate militarrak indarberritu eta gune horietako kontrola modu eraginkorrean bermatzeko".
Al Qaem, Siriako muga zaintzen duten hiru postuetako bat da, eta bart jihadisten esku geratu da, nahiz eta agintariek orain arte onartu ez.
Sunitek eta Irakeko Armadak Al Anbarren duten borroka urtarrilean hasi zen, matxinoek Falluja osoa eta Ramadiko zati bat hartu zutenean.
Hildakoak
Bestalde, Armadako bozeramaileak 42 matxino hil eta 13 ibilgailu suntsitu dituztela adierazi du, Tikriten, Saladinoko hiriburuan, izandako borroketan.
Antzeko borroka batean, 10 matxino hil dituzte Yarf al Sajr inguruan, Babel probintziako iparraldean.