Mundua -
Polemika
Aurkarien emazteak bortxatzeko mehatxua egin du agintari indiar batek
Gobernuan agintzen duen alderdiko kideak Alderdi Komunistakoei egin zien mehatxu. Bestalde, Indiako Gobernuko kide batek hondartzetan bikinirik ez erabiltzeko eskatu die emakumeei.
Erredakzioa
Tapas Pal Bengalako (India) Gobernuan agintzen duen alderdiko kideak telebistan esan du Alderdi Komunistakoak "hil" eta haien emazteak bortxatu behar direla.
Pal Trinamool Congress alderdiko parlamentariak barkamena eskatu du gero, eta alderdiak onartu duen arrean, komunistek erantzun dute Bengalako politikariaren hitzak "emakumeen kontrako ekintza kriminala" direla, eta neurriak hartuko dituztela.
Bikiniaren debekua
Bestalde, Indian bertan, oposizioko alderdiak Goa estatuko ministro baten dimisioa eskatu du, emakumeei hondartzetan bikinirik ez erabiltzeko eskatu zielako.
Sudin Dhavalikar Lan Publikoen ministroak esan zuen emakumeek, "euren burua babesteko", ez luketela bikinia jantzi behar hondartza publikoetan.
"Ez nago hondartza pribatuetan erabiltzearen kontra", zehaztu zuen, "pubetara arropa laburrarekin joaten diren neskak" kritikatu aurretik.