Mundua -
Inbestidura saioa
Junckerrek 300.000 milioi euroko inbertsio plana proposatu du
Plana publiko-pribatua eta hiru urtean ezartzekoa izango litzateke, 2015. urteko otsailean hasita.
Erredakzioa
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente hautetsiak 300.000 milioi euroko inbertsio plan publiko-pribatu bat proposatu du gaur, Europar Batasunean hiru urtean ezartzeko, hazkundea, enplegua eta lehiakortasuna helburu.
Junckerrek hitzaldia egin du gaur Europako Parlamentuan, bere inbestidura saioan, eta aipatu inbertsio programa 2015. urteko otsailean onartu beharko luketela zehaztu du bertan.
Inbertsio gehienak garraio azpiegitura, ikerketa eta berrikuntza, energia eta industrializazio programetara bideratuko dituzte.
Gainera, plana gauzatzeko, Europa ez dela zorpetuko azaldu du, dirua egiturazko funtsetatik eta Europako Inbertsio Bankutik lortuko dutelako.
Junckerren esanetan, plana bateragarria izango da Egonkortasunaren eta Hazkundearen aldeko Itunarekin.
Bestalde, presidente hautetsiak presio taldeak erroldatzea beharrezkotzat joko du, eta elikagai transgenikoen legea aldatuko duela aurreratu du.