Mundua -

Ukraina - Gaza

Obamak dio errusiazaleak hegazkinaren ikerketa oztopatzen ari direla

"Zer nahi dute ezkutatu?", galdetu du AEBetako presidenteak. Bestalde, ez duela Gazan zibil gehiago hiltzea nahi adierazi du.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Obamak ''ikerketa blokeatzen jarraitzea'' leporatu die errusiazaleei

0:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako ekialdean, iragan astean, eraitsi zuten hegazkinaren "ikerketa blokeatzen jarraitzea" leporatu die gaur Barack Obama AEBetako presidenteak matxino errusiazaleei. Ikerketa "garden" bat egiteko Errusiaren lankidetza eskatu du buruzagiak.

"Zer nahi dute ezkutatu?", galdetu du AEBetako presidenteak Etxe Zurian. Bestalde, hondakinen "manipulazioa" amaitzeko matxinoei presioa egiteko eskatu dio Obamak Errusiari, Moskuk nazioartean "bakarturik" geratu nahi ez baldin badu.

"Gertakarien tokira berehala eta oztoporik gabe sartzea behar dugu", erantsi du agintariak. Horregatik, Moskuk matxinoen gainean duen "eragin handia" erabiltzeko eskatu dio Errusiari, nazioarteko ikertzaileek oztoporik gabe lan egin ahal izateko.

"Ikerketa betetzeko erantzukizun zuzena du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, lotsak eskatzen duen gutxienekoa da", azpimarratu du.

Errusiazaleak "frogak" ezabatzen ari direla kritikatu du Obamak. Biktima errugabeen senitartekoak aintzat hartu gabe gorpuak "kontu handirik gabe" lekualdatzen ari dira, AEBen hitzetan.

"Egia jakitera ematea ziurtatu behar dugu", nabarmendu du AEBetako presidenteak.

Bestalde, hegazkinean zihoaztenen gorpuak berreskuratzeko lanak amaitu dira, Vladimir Groisman Ukrainako lehen ministro ordeak jakinarazi duenez.

"Gorpuak bilatzeko lanak amaitu dira. 282 hilotz eta 16 biktimaren 87 zati aurkitu dira", azaldu du tragediaren ikerketa arduradunak Kieven eman duen prentsaurrekoan.

'Ez dugu Gazan zibil gehiago hiltzerik nahi'

Barack Obama presidente estatubatuarrak gaur adierazi du John Kerry Estatuko idazkaria Kairora bidali duela Gazan indarkeria amaitzeko berehalako su-etena lortu asmoz. "Ez dugu Gazan zibil gehiago hiltzerik nahi", esan du Obamak.

"Ez da lan erraza izango, sentimendu indartsuak eta zailtasun estrategikoak dira tarteko", onartu du presidenteak, baina Kerryk "ahal duen guztia" egingo duela bermatu du Gazako zerrendan Israelen eta Hamasen arteko su-etena negoziatzeko.

"Israelek Hamasen suzirien erasoetatik defendatzeko duen eskubidea" babestu duen arren, agintari estatubatuarrak hildako zibil palestinarren kopuruaren igoerak "larriki kezkatuta" daukala esan du.

Hori dela eta, Obamak adierazi du Kerry kide eta aliatuekin bilduko dela Kairon, "2012an Israelek eta Hamasek Gazan su-etena lortzeko adostutako akordioan oinarritutako erasoen amaiera" lortzeko.

"Gure helburua eta nazioarteko komunitatearena indarkeriari amaiera emango dion su-etena lortzea izango da", azpimarratu du Etxe Zuritik.

Pasatu den uztailaren 8an gatazkak eztanda egin zuenetik, 540 palestinar baino gehiago hil eta 3.000tik gora zauritu dira, gehienak zibilak, Israelgo Ejertzitoak Gazaren aurka egindako bonbardaketetan.

Gainera, 18 soldadu israeldar erasoetan zendu dira, eta zibil bat eta artzain beduino bat Hamasek suzirien ondorioz hil dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ukraina azken orduko Ameriketako Estatu Batuak Errusia bideoak Barack Obama bideoak Hegazkin istripuak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra