Mundua -

Ingalaterra

Jokabide okerra duten bankariek hobariak itzuli beharko dituzte

Pizgarria jaso eta zazpi urte geroago ere dirua itzultzera behartu ahal izango dituzte.Halaber, bankuaren porrota eragin edo bankuari eta bezeroei kalte egin diezaioketen langileak ebaluatuko dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ingalaterran, jokabide okerra duten edo arrisku handiak hartzen dituzten finantza sektoreko langileek hobariak itzuli beharko dituzte. Are gehiago, pizgarria jaso eta zazpi urte geroago ere dirua itzultzera behartu ahal izango dituzte, gaur Ingalaterrako Bankuak onartutako araudi berriaren arabera.

Ingalaterrako Banku Zentralaren pean dauden Zentzuzko Erregulazioaren Aginpideak (PRA) eta Finantza Jokabideen Aginpideak (FCA) neurri berriak onartu dituzte, Parlamentuaren gomendioak jaso eta gero.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, arautzaileek jokabide okerra izan duten edo arrisku handiak hartu dituzten langileei zazpi urtera arteko hobariak itzultzea eskatuko diete. Halaber, bankuaren porrota eragin dezaketen zuzendaritzako kideen gaineko kontrolak areagotuko dituzte, eta bankuari zein bezeroei kalte egin diezaioketen langileak ebaluatuko dituzte.

Bestalde, finantza sektoreko langileek izan behar duten jarrera zehaztuko duen jokabide-kodea onartuko dute. PRA eta FCA erakundeek azaldu dutenez, araudi berriak ez du atzeraeraginezko izaerarik izango, izan ere, horrek lege mailako ondorioak izango lituzke enpresentzat.

2008ko kreditu-krisiaren eta Erresuma Batuan finantza sektorean izandako hainbat eskandaluren ondotik etorri da erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea