Mundua -
Etxe Zuria
AEBek 'jendea torturatu' zutela onartu du Obamak
"Marra zapaldu genuen, gure baloreen aurka doazen gauzak egin genituen", azaldu du buruzagiak, baina ekintzak atentatuen testuinguruan ulertu behar direla erantsi du.
Erredakzioa
2001eko irailaren 11ko eraso terroristak gertatu eta gero AEBek "gaizki dauden" gauza batzuk egin zituztela onartu du gaur Barack Obama presidenteak, besteak beste, atxilotu batzuk torturatzea.
"Jendea torturatu genuen", adierazi du Obamak prentsaurrekoan, Etxe Zurian. Terrorismoko susmagarriak galdekatzeko prozesu polemikoak ikertu ditu Senatuak txosten batean. CIAk itxurazko itolarria erabili zuen 2001etik 2009ra arte.
"Marra zapaldu genuen, gure baloreen aurka doazen gauzak egin genituen", azaldu du buruzagiak, baina ekintzak 2001eko irailaren atentatuen testuinguruan ulertu behar direla erantsi du.
Horregatik, inteligentzia zerbitzuek momentu zail haietan egindako "lanaren inguruko irakurketa inozoa" egiterik ez dagola azpimarratu du Obamak.
"Benetako abertzaleak, presiopean"
"Presio handiari aurre egiten ari ziren eta benetako abertzaleak dira", adierazi du AEBetako presidenteak agerraldian.
Hala ere, "ez dugu gertatutakoa ulertu eta onartu behar, etorkizunean berriz ez egiteko herri bezala erantzukizuna hartu behar dugu", gaineratu du.