Mundua -
Iruzkina
Israelek bete egin du bere helburua, baina Hamasek ez
Behin betiko su-etena Hamasen esku dago, Israelenean baino gehiago.
Jesus Torquemada
Israelek dio eraman dituela bere soldaduak Gazatik. Harritzekoa ere bada hain azkar ibiltzea Armada erretiratzen, baina kontuan izan behar da soldadu israeldarrak ez zirela bizpahiru kilometro baino gehiago joan Gazan barrena. Beraz, denbora askorik ez zuten behar handik alde egiteko.
Israelgo Gobernuak dio bete duela bere asmo nagusia: suntsitu dituela Hamasen milizianoek erabiltzen zituzten tunelak. Baina bada beste helburu bat, oraindik lortu ez duena: ez ditu desegin Hamasek dituen suziri guztiak. Beraz, Hamasek berriro Israelen aurka su egiten badu, israeldarrek, atzera, hegazkinez bonbardatuko dituzte.
Tunelak txikitzeko, Israelek ezinbestean bidali behar zituen lurreko soldaduak; Hamasen misil-jaurtigailuak suntsitzeko, ostera, nahikoak ditu hegazkinak.
Israelek esatea lortu duela bere helburu behinena, seinalea da hasi dela zabaltzen behin betiko su-etenerako atea. Hamasen baitan dago hori, zenbateraino dagoen konforme hura ere.
Hamasek erakutsi du gai dela irauteko eta tinko aurre egin dio Armada israeldarrari, askoz indartsuagoa. Hori aski baldin badu, baliteke Hamas prest egotea su-etena onartzeko.