Mundua -
Irak
Indar irakiarrek eta kurduek Mosulgo urtegia berreskuratu dute
Kurduek Jatara, Batnaya, Tel Adas, Almanara, Baqufa eta Telesqof herrixkak ere berreskuratu dituzte Telquiferako aurrera egitean.
Erredakzioa
Irakeko segurtasun indarrek, kurduekin eta AEBetako hegazkinen laguntzarekin batera, Estatu Islamikoaren (EI) eskuetan zegoen Mosulgo urtegiaren kontrola berreskuratu dute, jakinarazi du Al Iraquiya telebista kateak.
Abuztuaren hasieran jihadistek okupatu zuten instalazio hidraulikoa, eta bart, peshmerga kurduek azpiegituraren % 60 berreskuratu zuten, eraso bortitz baten ostean.
AEBko Estatu idazkariak jakinarazi duenez, indar amerikarrek 14 bonbardaketa egin zituzten azpiegituraren inguruko objektiboen kontra, eta EIko gudarien hainbat ibilgailu suntsitu zituzten.
Peshmergen iturri batek azaldu duenez, AEBko laguntzarekin batera, Jatara, Batnaya, Tel Adas, Almanara, Baqufa eta Telesqof herrixkak ere berreskuratu dituzte Telquiferan aurrera eginda.
Ur erreserba nagusia
Mosulgo urtegia Irakeko ur erreserba nagusietako bat da, eta Dohuk hiritik 23 kilometrotara dago, Kurdistanen.
Peshmergen aurrera egitea pauso oso garrantzitsua da Estatu Islamikoaren aurrean galdutako lurraldea berreskuratzeko.