Mundua -
Kolonbia
'Edozein soldadu eta poliziarentzat bakea garaipena da', dio Santosek
Mende erdian lehenengoz, militarrak eta gerrillariak Kubako hiriburuan bildu dira, liskarrak alde batera utzi, armak entregatu eta gatazkari amaiera emateko asmoz.
Erredakzioa
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Armada kolonbiarrak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) La Habanan egiten ari diren negoziazioak defendatu ditu, eta "edozein soldadurentzat eta poliziarentzat bakea garaipena" dela nabarmendu du.
Mende erdian lehenengoz, militarrak eta gerrileroak hiriburu kubatarrean bildu dira liskarrak alde batera utzi, armak entregatu eta gatazka bukatzeko asmoz.
"Ez dira nire hitzak, munduaren historian zehar militar handiek esan dute, esaterako, (Douglas) MacArthur jeneralak: "edozein soldaduk nahi duena bakea da, lortzen badu, garaipena da", azpimarratu du presidenteak.
Santosek topaketa defendatu eta justifikatu du beste behin ere, zenbait kritika jaso ostean. Aurreko ostiralean, Kolonbiako buruak ziurtatu zuen militarrak ez daudela "makurtuta", Caracol Radio bertoko irratiak zabaldu zuenez.
"Logikoa da", esan du Santosek. "Militarrak, poliziak, dira, azken 50 urteetan gerraren lehenengo lerroan egon direnak, hil egin dira, borrokatu dira, eta horiei esker gaur bakeaz hitz egiten ari gara".
Bestalde, presidenteak informazio gehiago zabaldu eta pedagogia egin behar dela azpimarratu du, herritarrei 2012ko urriaren 8an eta azaroaren 19an Oslon eta La Habanan hasitako bake prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.
"Informazio gehiago eman eta pedagogia egingo dugu bake prozesuaren inguruan, zergatik ari garen egiten, zelan ari garen egiten eta lortu nahi ditugun emaitzak, bakearen irabaziek ez dute mugarik", baieztatu du.